Politika -
Kataluniako Parlamentua
Konfiantza-galdea irailaren 28an izango dela iragarri du Puigdemontek
Mekanismoa Katalunia “independentziaren ateetara eramateko”, beharrezkoak diren babesak lortzeko aprobetxatuko duela esan du Generalitateko presidenteak.
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniako Parlamentuak konfiantza-galdea irailaren 28an egingo duela iragarri du gaur Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak.
Buruzagiak Ganberako kontrol saioan egin du iragarpena. Mekanismoa Katalunia “independentziaren ateetara eramateko”, beharrezkoak diren babesak lortzeko aprobetxatuko duela esan du Puigdemontek. “Adore” kontu bat dela erantsi du.
“Beste gai batzuk alde batera utzita”, eztabaida “lasaia” egiteko data egokia dela uste du Puigdemontek.
Konfiantza-galdea Kataluniako azken hauteskundeak izan (2015eko irailak 27) eta urtebete geroago egingo dute. Konfiantza-galdea “prozesua amaitzeko” funtsezkoa dela gogorarazi du.
Prozesu konstituziogilea
Bestalde, Kataluniako prozesu konstituziogilea bultzatzea eskatzen duen azterketa batzordearen ondorioak Parlamentuak bozkatzea defendatu du agintariak. Ganberak horretarako gaitasuna duela ziurtatu du.
“Ordezkariak agindutako lana egiten ari gara. Ez ditugu aitzakiak bilatzen herritarrek agindutakoa ez betetzeko. Ez gaude legalitatetik at, Parlamentuak legeak egiteko legitimitatea du”, azaldu du Ganberan.
Ondorioen aldeko botoa emango duela adierazi du Kataluniako presidenteak. Puigdemonten hitzetan, Ganberak onartzen baldin baditu prozesu konstituziogilea garatzeko erantzukizuna hartuko du: “Ni gehiengoaren diputatu gisa, erabakiarekin koherentziaz jokatuko dut”.
Ciudadanosek, PSCk, Catalunya Si que es Potek eta PPCk ondorioen aurka egin dute. Alderdi Popularraren ahotan, “Zuzenbidezko Estatuaren kontrako eraso” bat dira.