Politika -
Epaia
Mila urte baino gehiagoko zigorra Barajaseko atentatuko egileei
Hain zuzen ere, 1.040na urteko kartzela zigorra ezarri diete Igor Portu, Mattin Sarasola eta Mikel San Sebastian ETAko ustezko kideei.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionalak 1.040na urteko kartzela zigorra ezarri die Igor Portu, Mattin Sarasola eta Mikel San Sebastian ETAko ustezko kideei, 2006ko abenduaren 30ean Barajaseko aireportuan izandako atentatuaren egileak izateagatik. Atentatu horretan bi pertsona hil ziren.
Halaber, epaitegiak kalte-ordainak ordaintzera ere zigortu ditu. Hain zuzen ere, 500.000 euro eman beharko dizkiote Carlos Alonso Palateren senideari, eta 700.000 Diego Armando Estaciorenari.
Epaimahaiak bi hilketa terrorista, 48 hilketa terrorista saiakera (eta ez 52 fiskalak eskatu bezala) eta kalte material terroristak egotzi dizkie.
Epaiak frogatutzat eman du Sarasolak aparkatu zuela furgoneta-bonba, Portuk kokapenaz ohartarazi zuela eta San Sebastianek ETAko kideak eta materiala garraiatzen zituela. Hirurek Elurra taldea osatzen zuten.
Epaileen hitzetan, "eztanda jazo baino lehen ohartarazi izana ezin da kalteak saihesteko desio bezala ulertu. Talde kriminalaren estrategiaren parte den aldarrikapena baino ez da".
Tortura salaketa
Portuk eta Sarasolak atxilotze unean ustez pairatu zituzten torturei dagokienez, epaitegiak gogorarazi du beste auzi bat dagoela zabalik Donostiako Epaitegian 15 guardia zibilen aurka.
Nolanahi ere, atxiloketan parte hartu zuten agenteen eta auzipetutakoen abokatuen adierazpenak nabarmendu dituzte.
Izan ere, epaiketan, guardia zibilek esan zuten atxiloketak bortitzak izan zirela, auzipetuak ihes egiten saiatu zirelako, eta abokatuek ziurtatu zuten Poliziaren aurrean borondatez aitortu zutela dena.
Hortaz, "defentsak ez du lortu torturak izan zirela frogatzea, ezta epaimahaiari zalantza pizteko ere".