Politika -
Sarraskia Nizan
Terroristak jazartzeko laguntza eskaini dio Espainiak Frantziari
Mariano Rajoy Gobernuko jarduneko presidenteak agerraldia egin du Moncloa jauregian, eta Espainiaren elkartasuna agertu die Nizako erasoaren biktimei.
Agentziak | Erredakzioa
Terroristak aurkitu, jazarri eta zigortzeko Espainiaren “lankidetza guztia” eskaini dio gaur Mariano Rajoy Gobernuko jarduneko presidenteak Frantziari. Terrorismoa mehatxu globala dela azpimarratu du Rajoyk, eta, hori dela eta, erantzuna “globala eta bateratua” izan behar dela erantsi du.
Moncloa jauregian egin duen agerraldian, Rajoyk Espainiaren elkartasuna agertu die Nizako erasoaren biktimei, eta bat egin du “pertsona zintzo guztiekin, basakeriaren, zentzugabekeriaren eta giza bizitzari mespretxurik handiena erakusten diotenen biktima izan baitaitezke”.
Gobernuak dolu ofiziala ezarri du larunbateko 09:00ak arte, eta minutu bateko isilunea deitu du eguerdirako erakunde ofizial guztietan.
Oraingoz, biktimen artean ez dago espainiarrik, jarduneko presidenteak baieztatutakoaren arabera.
Rajoyren esanetan, Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko jarduneko presidenteordeak indar politiko nagusietako buruzagiei deitu die goizeko lehen orduan, egoeraren berri emateko. Erregearekin ere hitz egin dutela nabarmendu du.
Barne Ministerioak alerta maila mantentzea erabaki du
Alerta laugarren mailan mantentzea erabaki du Barne Ministerioak, terrorismoaren aurkako borrokaren arduradun nagusiak bildu ondoren.
Adituek proposatuta, mehatxu terrorista aztertzen duen mahaiak erabakia hartu du, CNIko eta segurtasun indarretako Inteligentzia goi-agintarien iritziak entzun ondoren.
Polizia, Guardia Zibil, Terrorismoaren eta Krimenaren kontrako Inteligentzia Zentro (CITCO), CNI, Esquadra Mosso eta Ertzaintzako kideak bileran izan dira.
Laugarren maila 2015eko ekainaren 26az geroztik indarrean dago Espainian. Frantzia, Tunisia, Kuwait eta Somaliako atentatuen ostean arrisku terrorista aztertu zuten adituek.