Politika -
Inbestidura
Sanchez: 'Gaur-gaurkoz, PSOEk 'ez' bozkatuko du Rajoyren inbestiduran'
Jarduneko presidenteari "balizko aliatuak" topatzeko deia egin dio buruzagi sozialistak; "PSOE ez dago horien artean", zehaztu du.
Agentziak | Erredakzioa
Aurretik adierazitako asmoa berretsi du gaur Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak: Mariano Rajoyren inbestiduran kontra bozkatuko dute sozialistek. Iragarpena jarduneko presidentearekin bildu ostean egin du Sanchezek. Horren esanetan, "gaur-gaurkoz, Mariano Rajoyren inbestiduran kontra bozkatuko du PSOEk".
Hala, inbestidura ahalbidetuko duen "gehiengo parlamentarioa" bermatzen saiatzeko eskatu dio. "Bilatu dezala babesa bere balizko aliatuen artean, PSOE ez da horietako bat", zehaztu du.
Sanchezen hitzetan, Rajoyk "gehiengo parlamentarioa ez badu, PSOEk kontra bozkatuko du inbestiduran", eta gehiengo osorako 176 boto behar direnez, PPk "badu zer negoziatu", horren iritzian. Izan ere, Alderdi Popularrak 137 diputatu erdietsi zituen ekainaren 26ko hauteskunde orokorretan.
Ordu eta laurdenez egon dira bilduta bi buruzagiak, eta "adeitsu" joan da hitzordua, sozialisten idazkari nagusiak nabarmendu duenez.
Buruzagi sozialistaren esanetan, inbestidura eta gobernagarritasuna "eskutik helduta" doaz, eta "bata ezin da bestea gabe lortu". Horrenbestez, "PPk gobernu egonkorra bermatuko duen gehiengo nahikoa eskuratu behar du", esan du.
"Nahi bestetan hitz egiteko prest" dagoela esan dio Sanchezek Rajoyri, baina berretsi dio ez duela PSOEren babesa izango "koalizio handiko gobernu bat" osatzeko edota "legegintzaldirako itun bat" adosteko. "Guk ez dugu Rajoy jaunarekin ezertxo ere negoziatuko. Hitz egin, nahi duen guztia", erantsi du.
Bilera ondoko agerraldian Sanchezek nabarmendu duenez, PSOEk "duen onena emango du egoera desblokeatzeko" eta "lehenbailehen" gobernu egonkor bat erdiesteko.
Buruzagi sozialistaren aburuz, PSOEri ezin zaio "arduragabekeria" leporatu. "Duela hilabete batzuk demokraziaren erlojua martxan ipini eta hauteskundeak saihesteko ahalegina egin genuen", esan du. Horren aurrean, alderdi politikoekin "konfiantza" izateko eskatu die herritarrei, "egoera desblokeatuko duen akordioa lortzeko ahalmena" baitute.