Politika -
Gobernu osaketa
Rajoyk eta Sanchezek bilera egingo dute asteazkenean Kongresuan
Asteartean Pablo Iglesias Podemoseko eta Albert Rivera Ciudadanoseko buruekin elkartuko da gobernua osatzen saiatzeko abiatutako bilera errondaren baitan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mariano Rajoy jarduneko Espainiako Gobernuko presidenteak eta Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak bilera egingo dute asteazkenean Espainiako Diputatuen Kongresuan, gobernua osatzen saiatzeko Rajoyk abiatutako bilera errondaren baitan.
Alderdi Sozialistako iturriek baieztatu dutenez, hitzordua goizeko hamaiketan izango da Espainiako Diputatuen Kongresuan.
Aurrez, asteartean, Mariano Rajoy Pablo Iglesias Podemoseko eta Albert Rivera Ciudadanoseko buruekin elkartuko da Diputatuen Kongresuan.
PSOEko batzorde federalak Rajoyren balizko inbestiduran ezezko botoa ematea erabaki zuen eta, beraz, itxura guztien arabera, erabaki horren berri emango dio Sanchezek Rajoyri bi buruzagiek egingo duten aurrez aurreko bilera horretan.
Rajoyk aurreko astean abiatu zuen gobernua osatzen saiatzeko bilera erronda Coalicion Canariako Fernando Clavijo eta Jose Miguel Barragarekin eta, gerora, EAJko Aitor Estebanekin eta ERCko Joan Tardarekin eta Gabriel Rufianekin ere batzartu zen.
Inbestidura saioa uztaila amaieran edota abuztu hasieran egiteko asmoa du Rajoyk.