Politika -
Estatuko Fiskaltza Nagusia
Otegiri hauteskundeetara aurkeztea eragozteko eskatu du UPyDk
Maneiroren hitzetan, buruzagi abertzalea lehendakarigaia izango dela “segurutzat jo” dute gainerako alderdiek eta “ezikusiarena” egiten ari dira.
Agentziak | Erredakzioa
Arnaldo Otegi EH Bilduren lehendakarigaia izatea eragozteko, neurri legal eta judizial guztiak bultzatzeko eskatu dio UPyDk Estatuko Fiskaltza Nagusiari idatzi batean.
Otegik kargu publikoan aritzeko debekua duela gogorarazi du Gorka Maneiro UPyDeko legebiltzarkideak. Horregatik, ebazpen judizialak bete eta udazkeneko hauteskundeetara aurkeztea eragozteko eskatu du Maneirok.
Ekintza honekin UPyDk ez du “ezikusiarena” egin nahi, gainerako alderdi politikoak hori egiten ari direlako. “Inork ez du ezer esaten. Hautagai izateko aukeratu dute dagoeneko, denek segurutzat jotzen dute, legebiltzarkide izango da eta astakeria iruditzen zaigu”, deitoratu du alderdi magentako buruzagiak.
“Konstituzionalistak izan ziren, baina izateari utzi” zioten alderdien jarrera salatu nahi izan du Maneirok, “alfertu” direlako. Batasunaren tesiak ezin daitezke “isilean onartu” eta “gertatutakoaren egia” defendatu behar da, erantsi duenez.