Politika -

Negoziazioak

Rajoy asteartean bilduko da Coalicion Canariako ordezkariekin

Ana Oramas CCko diputatuak adierazi duenez, bere alderdia elkarrizketarako gogoarekin joango da topaketara, baina jarduneko presidenteari hainbat politika aldatzeko eskatuko diote.

Mariano Rajoy. Argazkia: EFE.
Mariano Rajoy. Argazkia: EFE.
Rajoy asteartean hasiko du alderdiekin negoziazio erronda

1:50

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Gobernuaren jarduneko presidente eta PP liderra asteartean bilduko da Coalicion Canariako ordezkariekin, xede izanik inbestidurarako balizko akordio bat aztertzea.

Ana Oramas Coalicion Canariako diputatuak Eferi esan dionez, Rajoy eta Fernando Clavijo Kanarietako presidenteak telefonoz hitz egin dute, minutu batez, eta adostu dute asteartean bilera egitea.

Oramasek ez du zehaztu nor joango den CCren aldetik topaketara, baina azaldu du bere alderdia elkarrizketarako gogoarekin joango dela; izan ere, euren iritziz, beharrezkoa da gobernua ahalik eta lasterren osatzea, eta "onartezina" litzateke hauteskundeak hirugarren aldiz deitu behar izatea.

"Atxikimenduko kontraturik" ez dute sinatuko

Oramasek ohartarazi duenez, Coalicion Canariak ez du asmorik sinatzeko Rajoyrekin "atxikimendu-kontraturik"; eskatuko diote PPko liderrari politikak aldatzeko, batez ere gizarte-gaietan eta herritarren eskubideekin zerikusia dutenak.

Gainera, Kanarietarako "Estatuko politikak" eskatuko dizkiote; izan ere, Rajoyren Gobernuaren lau urteetan "ezabatu" egin dituzte beroriek.

Aldatu beharko liratekeen politikei dagokienez, Oramasek aipatu ditu lan-erreforma, LOMCEa edo autonomia-finantziazioaren sistema; halaber, galdegin du pentsioen sistema bermatzeko itun bat.

Coalicion Canaria, nolanahi ere, elkarrizketarako jarrerarekin joango da; aurreko legegintzaldian ere hala egin zuten, Pedro Sanchez PSOEko hautagaiak deitu zituenean. CCren iritziz, beharrezkoa da Espainiak ahalik eta lasterren izatea gobernua, hauteskundeak berriro deitu behar izatea saihesteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Albisteak Alderdi Popularra Rajoy albisteak Hauteskunde orokorrak Espainiako Gobernua Espainia albisteak Alderdi politikoak berriak Gaurko azken ordukoa