Politika -
Osoko Bilkura
Garzon kargutik kendu ala ez aztertuko dute ostiralean
Ahozko epaiketa hasteko erabakia hartuta, Garzon behin-behinean kargutik kentzea erabaki dezake Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak. Epaileak Nazioarteko Zigor Auzitegian lan egitea eskatu du.
Erredakzioa
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Osoko Bilkura berezia egingo du ostiralean, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epailea behin-behinean kargutik kentzen duten eztabaidatzeko.
Gaur goizean, Auzitegi Gorenak Baltasar Garzon epailearen kontra ahozko epaiketa hastea erabaki du, frankismoko krimenak ikertzeko eskumena bere egiteagatik. Ebazpena Luciano Varela magistratuak eman du, Garzonen aurkako kereilaren instrukzio epaileak. Atzo, Baltasar Garzonek Nazioarteko Zigor Auzitegira lanera joateko eskaera egin zion Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari, zazpi hilabetez hango fiskalburuaren aholkulari lanetan jarduteko asmoz. Gauzak horrela, eta ahozko epaiketa hasteko agindua emanda, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak bi erabaki hartu beharko ditu: batetik, Garzonen leku-aldaketa eskaera onartu edo ez; eta bestetik, bere kontrako auzibidea amaitu artean, Garzon behin-behinean kargutik kentzea edo ez.