Politika -
Katalunia, aurrekontu gabe
Puigdemontek konfiantza mozioa iragarri du, CUPen betoaren ostean
Kataluniako Parlamentuak errefusatu egin du Generalitatearen aurrekontu proiektua, eta, ondorioz, gobernuburuak konfiantza mozioa iragarri du, gobernatzen jarraitzeko babesa duen egiaztatzeko.
agentziak | erredakzioa
Kataluniako Parlamentuko osoko bilkurak errefusatu egin du Generalitatearen aurrekontu proiektua, oposizio osoak, CUPek barne, aurka bozkatuta.
Sei orduko eztabaidaren ostean, CUPek betoa jarri dio aurrekontu proiektuari, eta, ondorioz, agintean dagoen Junts pel Si koalizioa bakarrik geratu da aldeko botoan.
Bozketaren emaitzak ezagutu eta gero, Carles Puigdemont Kataluniako Gobernuko presidenteak iragarri du konfiantza mozioa deituko duela "abuztuaren ostean", gobernatzen jarraitzeko babes nahikoa duen egiaztatzeko.
Aurrekontuen eztabaidan, hautsi egin da bloke independentistaren (JxSi eta CUP) batasuna. Hori dela eta, legegintzaldia kolokan dago, eta berriz ere hauteskundeak deitu beharko diren da orain zalantza nagusietakoa.
JxSik eta CUPek egonkortasun akordioa sinatu zuten, baina, gaurko hausturaren ondoren, ez dago argi oraindik ere indarrean dagoen. Izan ere, Puigdemontek "hautsi"tzat jo du ituna; ERCk esan du "kolokan" dagoela, eta CUPek uste du "aldatu" egin dela.
Bozketaren ondoren, Puigdemontek hitza hartu du, eta presidente egin zuen "gehiengoa" dagoeneko ez duela adierazi du. Horregatik, konfiantza mozioarekin gehiengorik ote duen egiaztatu nahi duela aurreratu du.
Agintaria oso kritiko agertu da CUPekin: "Azken urteetan Katalunia estatua izan dadin mobilizatu diren milioika pertsonen konfiantza urratu dute".
Bere aldetik, Joan Garriga CUPeko diputatuak adierazi du ez direla "errudun" sentitzen, baina bai "erantzule".