Politika -
Katalunia
Aurrekontuei aurkeztutako osoko zuzenketa mantentzea erabaki du CUPek
Horrenbestez, Generalitateko aurrekontu proiektuak ez du aurrera egingo.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kataluniako Generalitateak aurkeztutako Aurrekontuak ez onartzea erabaki dute CUPen Kontseilu Politikoak eta Parlamenturako Ekintza Taldeak. CUPek osoko zuzenketa aurkeztuko du eta, ondorioz, CDCren eta ERCren Aurrekontu proiektuak ez du aurrera egingo.
CUP egoitza nagusian egindako hiru orduko bileran, zuzendaritza organo nagusiak osoko zuzenketa ez erretiratzea erabaki du. Alderdiko iturriek azaldu dutenez, 29 osoko zuzenketa mantentzearen alde agertu dira, 26 kontra eta 3, ostera, abstenitu egin dira.
Hori dela eta, asteazken honetako osoko bilkuran CUPen talde parlamentarioak oposizioarekin bat egingo duela espero da eta, beraz, oso litekeena da Junts Pel Sik babes nahikorik ez lortzea Generalitateko Aurrekontuak aurrera ateratzeko.
Ezetzaren ondoren legegintzaldia "ukituta" gelditzen dela adierazi du Generalitateak
Neus Munte Kataluniako Gobernuko presidenteordeak CUPen erabakia kritikatu du eta horrek Kataluniako egoera politikoan eragina izango duela gaineratu du: "Legegintzaldia ukituta gelditzen da".
Rac1 irrati kateari egindako adierazpenetan, Kataluniako Gobernuaren egonkortasuna bermatzeko Junts pel Sirekin (JxSi) hitzartutako gobernagarritasun ituna ez betetzea egotzi dio CUPi. "Begi bistakoa da CUPek inbestidurako ituna urratu duela eta ondorioak izango ditu", gaineratu du.
CUPen erabakiak hauteskundeak aurreratzea eragingo duen galdetuta, Muntek adierazi du orain ez dela etorkizuneko balizko agertokiak aurreratzeko unea. Dena den, Gobernuak eta Junts pel Sik hausnarketa egin behar dutela nabarmendu du.