Politika -

Sortu

Askatasunaren Bidean-ek ibilbide laburra izango du, Arraizen ustez

Kargu publikoetan aritzeko debekuaren gainean Sortuko presidenteak adierazi duenez, azken egunotako onena izan da "EAJ, PSE eta Podemos alderdietako lagunek erakutsitako elkartasuna eta babesa".

Hasier Arraiz, Sortuko presidentea. Argazkia: EiTB
Hasier Arraiz, Sortuko presidentea. Argazkia: EiTB
Hasier Arraiz, Sortuko presidentea. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hasier Arraiz Sortuko presidenteak iragarri duenez, Askatasunaren Bidean ekimenak ibilbide laburra izango du. Sorturen estrategiarekiko kritiko diren preso ohik eta iheslari ohik osatu dute Askatasunaren Bidean. Talde horrek Sorturi egindako kritikek ez diotela "minik" eragin aitortu du.

Cadena Ser irrati-kateari egindako adierazpenetan, ostiral honetan Eusko Legebiltzarrean egindako agurrari egin dio aipamena Arraizek, EAEko Auzitegi Nagusiak kargu publikoan aritzeko debeku berezia ezarri ostean.

Horren harira, Sortuko presidenteak azpimarratu duenez, azken egunotako onena izan da "EAJ, PSE eta Podemos alderdietako lagunek erakutsitako elkartasuna eta babesa". "Babes hori ez da nirea, eta besteei oparitu nahi diet, harreman politiko berrietarako oinarri bezala erabil ditzaten", gaineratu du.

Gauzak horrela, euskal politika "normalizatzearen alde" egin du, "ez baitago batera normalizatua, alderdi batek beste batekin hitz egiteari uko egiten diolako", PPri erreferentzia eginda.

Halaber, Askatasunaren Bidean-ek alderdi berria osatzen badu, "horrek ez du Sortu gehiegi ahulduko", Arraizen ustez. "Ez diot inori errespetua galdu nahi, baina alderdi bezala aurkezten badira, positiboa izan daiteke; zarata dagoenean, asko direla ematen du, eta baliteke bakar batek eragitea zarata hori", adierazi du. "Kalera ateratzean, ikusiko da zenbat eta nortzuk diren, eta zeintzuk diren euren proposamenak", ondorioztatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Presoak bideoak Hasier Arraiz albisteak Gaurko azken orduko albistea