Politika -
Aurkezpena Bilbon
Askatasunaren Bidean-ek ez du borroka armatua erabiltzea proposatu
Sortuk jarraitutako estrategiarekin kritiko diren preso eta iheslari ohiek 'Askatasunaren Bidean' batzarra aurkeztu dute. Oraingoz ez dute alderdi politikorik sortuko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sorturen egungo estrategiarekin kritiko diren preso eta iheslari batzuek Askatasunaren Bidean izeneko batzarra aurkeztu dute gaur Bilbon, eta argi eta garbi utzi nahi izan dute beren batzarretan ez dela borroka armatua berriro erabiltzeko inolako proposamenik edota planteamendurik egin, "ezker abertzaleak beste parametro batzuetatik berriz antolatzeko adina masa kritiko" duela argudiatuta.
Aurkezpen ekitaldian, Patxi Ezkizabelek, Fernando Lizeagak eta Joel Sistiagek komunikatu bat irakurri dute euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez. Bozeramaile lanak egin dituzten hiru lagun horiek azaldu dutenez, Euskal Nazio Askapen Mugimenduko militanteak dira, belaunaldi ezberdinetako gizon eta emakume abertzale eta sozialista iraultzaileak, gaztetatik euskal herri langilearen askapen nazionalaren eta sozialaren alde borroka egin dutenak.
Lizeagak argi eta garbi utzi nahi izan du euren batzarretan ez dutela inoiz borroka armatua berriro erabiltzeko inolako proposamenik edota planteamendurik egin. "Ezta behin ere. Hor zehar planteatzen ari diren alternatiba gezurra da, ezker abertzaleak badu nahikoa masa kritiko beste parametro batzuen arabera antolatzeko", azaldu du.
Askatasunaren Bidean batzarreko kideen hitzetan, "hutsean" daude eta, antolatu ahala, denen artean erabakiko dute zer jarrera hartuko dituzten eta zein pauso eman. "Inork ez du borroka armatua planteatu gure batzarretan", gaineratu dute.
Ezker abertzaleak ez dituela ordezkatzen eta "lotsa" sentitzen ari direla azpimarratu dute: "Ez gara identifikatuta sentitzen; izan ere, ez dugu ulertzen borroka armaturik ez dagoelako etsaiaren besoetan erortzea". Are gehiago, armarik gabe borroka duinago bat mantentzeko gai direla zehaztu dute.
Alderdi politiko berri bat sortzeko aukeraz galdetuta, Lizeagak azpimarratu du denen artean eta batzarren bidez erabakiko dutela nola antolatuko diren, beren borroka nola eramango duten aurrera eta zein izango diren beraien bitartekoak. Lizeagak baieztatu duenez, oraingoz ez dute alderdi politiko bat sortuko "baina nork daki erakunde honetatik, berregituraketa honetatik zer aterako den".
Gaurko agerraldian, euskal nazioaren askapenaren eta Euskal Nazio Askapen Mugimendua berreraikitzeko estrategiarekin konpromisoa eta inplikazioa agertu dute eta helburu horiekin bat datozen ekimenak eta ahaleginak babestuko dituztela aldarrikatu dute.
Bestalde, "aukera hau" baliatzeko deia egin diete gizarteari eta Espainiako Gobernuari. "Aukera aprobetxatu egin behar da inori bizitza ez izorratzeko, ez espainiarrei eta ezta euskal herritarrei ere. Hau konpondu egin behar da eta bitarteko guztiekin hori lortzen ahaleginduko gara", gaineratu dute.