Politika -
Esteladak, debekatuta
Kopa helburu politikoekin erabiltzea egotzi dio Dancausak Puigdemonti
Espainiako Gobernuak Madrilen duen ordezkariaren hitzetan, "segurtasun eta ordena publikoko arazoengatik" hartu dute esteladak debekatzeko erabakia.
Agentziak | Erredakzioa
Errege Kopako finala helburu politikoekin erabiltzea egotzi dio gaur Concepcion Dancausa Espainiako Gobernuko ordezkariak Carles Puigdemont Kataluniako presidenteari. Azken honek partidara ez joatea erabaki du, Vicente Calderonen esteladak sartzea debekatuta egongo dela jakitean.
Onda Cero irrati kateari eskainitako elkarrizketa batean, Dancausak gogorarazi du Espainiako Futbol Federazioak bere arautegian jasota duela futbol-zelaietan debekatuta dagoela material "politikoak" sartzea.
Ordezkariaren hitzetan, "segurtasun eta ordena publikoko arazoengatik" hartu dute erabakia, ez "arrazoi politikoengatik".
Dancausak aitortu du igandero esteladak ikus daitezkeela Camp Noun, baina Madril eta Bartzelona ezberdindu nahi izan ditu: "Legea oso zabala da, eta mota guztietako materialak aipatzen ditu".
Esan duenez, UEFAk berak bi isun jarri dizkio Bartzelonari "futbol zelaian esteladak izateagatik".
Debekuarekin haserre, Kataluniako presidenteak eta Ada Colau Bartzelonako alkateak iragarri dute partidara joango ez direla. Alkatearen hitzetan, "adierazpen askatasunaren kontrako atentatu onartezina" da Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak erabakitakoa:
Bartzelona futbol taldea ere kritiko agertu da debekuarekin. Zalantzan dago Josep Maria Bartomeu presidentea Calderonen egongo ote den. Atzo oharra kaleratu zuen taldeak: "Bartzolona Futbol Taldeak uste du erabaki hau adierazpen askatasunaren kontrako atentatua da. Pertsona orok du ideiak eta iritziak libreki, inongo zentsurarik barik, adierazteko eskubidea eta hala jasota dago Giza Eskubideen Adierazpenean".