Politika -

Frankismo garaiko hilketak

Varela epaileak Garzonen aurkako auzitik kanpo utzi du Falangea

Alderdi politikoak herri-epaimahaia osatuko ez duen bitartean, Manos Limpias sindikatuak auzian jarraituko du, Varelak agindutako zenbait paragrafo bere salaketatik kendu ostean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Epaitegi Goreneko Luciano Varela epaileak, Auzitegi Goreneko Baltasar Garzonen aurkako auzitik kanpo utzi du Falangea Española, eskatutako epean formazko akats batzuk ez zuzentzeagatik. Goizean entregatu du Falangeak bere idazkia, baina epea atzo gauerdian amaitu zen.

Aurreko asteazkenean, apirilak 21, Varelak egun bateko epea eman zien akusazioko Manos Limpiasi eta Falange Españolari, Garzonen aurkako beraien akusazio idazkietatik zenbait atal kentzeko.

Garzonek frankismoaren hilketak ikertzeagatik prebarikazio delitua leporatzen diote. Auzi horren ardura duen Varelaren hitzetan, bere errekerimenduari kasu egin ez diotenez, Falangeko prokuradorea "kereilatik kanpo dago eta ez du salaketarik aurkezteko eskubiderik".

Varelak, halaber, auziarekin zerikusirik ez zuten zenbait paragrafo bere idazkitik kentzeko agindu zion Manos Limpias sindikatuari, eta horrek atzo zuzendutako idazkia aurkeztu zuen.

Fiskaltzak auzi honetan salaketarik egin ez zuenez, Varelak, Garzonen aurkako ahozko epaiketa ireki ahal izateko, ezinbestean bi idazkietako bat onartu behar zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea