Politika -
Eusko Legebiltzarra
Autogobernuaren inguruan EAJk deitutako bileran egongo da PSE-EE
Idoia Mendiak esan duenez, EAJk deitutako bileran izango da PSE-EE, baina ez du uste "ezer onik aterako" denik horretatik, "elektoralistatzat" jo duelako proposamena.
Agentziak | Erredakzioa
PSE-EEk baietz esan dio EAJren autogobernuari buruzko aldebiko bileretan egoteari, Idoia Mendiak alderdiko idazkari nagusiak gaur ETB1n egindako elkarrizketan jakinarazi duenez. Hala ere, proposamenak "hauteskunde" kutsua duela deritzo "atzerako kontaketan" gaudelako eta ez du uste horretatik "ezer berri" aterako denik.
EAJk autogobernuari buruzko aldebiko bilerak egitea proposatu die Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten gainerako lau alderdiei (EH Bildu, PSE-EE, PP eta UPyD) estatus berriaren oinarriak finkatzeko asmoz.
Mendiaren esanetan, autogobernuaren inguruko batzorde txostengilearen lana "eginda" dago jada. "Lan egiten egon gara, pertsona zuhur eta aditu ugariren parte hartze oso interesgarriak izan dira, alderdi bakoitzak oso lan garrantzitsua egin du, txostenak aurkeztu dira eta hori da dena, ez dut uste ezer gehiago atera ahal denik", esan du PSE-EEko lehendakarigaiak.
"Egungo egoera politikoaren aurrean, hauteskundeak begi-bistan ditugunean, ez dut uste ezer berri atera ahal denik bileratik. Batzorde txostengilean parte hartu zuten PSE-EEko alderdikideak bileran izango dira, baina ni ez naiz egongo, agenda arazoak direla eta", azaldu du Mendiak.