Politika -
Epaiketa
Auzitegiak erabakia atzeratu du eta Manos Limpiasek Noos auzian darrai
Aldi berean, Auzitegi Nazionalak ez du aurreikusten sindikatuaren jarduerak kautelaz eteteko prozesu bat irekitzea, uste baitu bere jarduera guztia ez dela kriminala.
Agentziak | Erredakzioa
Noos auzia epaitzen duen auzitegiak gaur adostu duenez, Diego Torresen defentsak atzo egindako eskariaren gaineko edozein erabaki epaia atera arte atzeratuko du. Aipatu eskarian, Torresen abokatuak Manos Limpias herri-akusazio gisa kanporatzea eskatu zuen, "gezurrezko interesak" izateagatik. Horrenbestez, sindikatuak epaiketan jarraituko du.
Torresek, Urdangarinen defentsarekin bat etorrita, Manos Limpias epaiketatik kanporatzea eskatu ostean (sindikatuaren buruzagitzaren aurka ustezko estortsioagatik Auzitegi Nazionala egiten ari den ikerketa dela-eta), Noos auziko epaimahaiak gogorarazi du urtarrilaren 29ko autoan, aurretiazko arazoak bideratzen zituena horretan, dagoeneko ebatzi zuela Manos Limpiasen gaineko zilegitasuna.
Torresen abokatu den Manuel Gonzalez Peetersek protesta egin du epaimahairen erabakiaren aurrean; Valentziako goi-kargu ohien abokatuek ere bat egin dute protestarekin.
Abokatuak onartu egin du epaimahaiak jada adostu zuela Manos Limpias zilegia zela auzi horretan salaketa jartzeko, baina zehaztu duenez, "sasoi hartan aurreikusi gabe zegoen berritasun bat gertatu da; ondorioz, hortik dator eskaera egiteko egokitasuna". Hala mintzatu da Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak Manos Limpias eta Ausbanceko buruzagiak (Miguel Bernad eta Luis Pineda, hurrenez hurren) baldintzarik gabe eta bermerik gabe espetxera bidali eta gero.
Manos Limpias sindikatuak bere lanarekin jarraituko du
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak eta Santiago Pedraz epaileak ez dute momentuz aurreikusten sindikatuaren jarduerak kautelaz eteteko prozesu bat irekitzea, uste baitute bere jarduera guztia ez dela kriminala.
Auzitegietako iturrien arabera, ezin daiteke Manos Limpiasen jarduera guztia kriminaltzat jo, une honetan talde horren aurka zabalik dagoen ikerketa akusazioak kentzeko lau xantaia zehatzetan oinarritzen baita (horien artean Noos auzian Infantaren aurka jarritakoa).