Politika -

Presoak

Manifestazio jendetsua Bilbon, euskal presoak etxeratzea eskatzeko

Preso eta iheslari izandako 1.650 pertsona baino gehiagok sinatu dute manifestua.

Milaka lagunek egin dute bat Bilboko manifestazioarekin. Argazkia: EiTB
Milaka lagunek egin dute bat Bilboko manifestazioarekin. Argazkia: EiTB
Euskal presoen eta iheslarien eskubideen aldeko martxa, Bilbon

2:19

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka lagunek parte hartu dute Bilbon, euskal preso eta iheslarien eskubideen eta etxeratzearen alde eta "Amnistiaren bidean, preso eta iheslariak etxera" lelopean, igande eguerdian egin den manifestazioan.

Preso Politikoen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, preso eta iheslari izandako 1.650 lagun baino gehiagok sinatu dute manifestua.

Sinatzaileek beren babesa azaldu nahi diote EPPK euskal preso politikoen kolektiboak hartu duen bideari, hots, etxeratzeak azkartzeko lege baliabideak erabiltzeko hautuari.

Hainbat alderdi politiko, sindikatu eta erakundek bat egin dute Bilboko La Casillatik abiatu eta udaletxean amaitu den manifestazioarekin. Buruan, besteak beste, Juan Mari Olano, Antton Lopez "Kubati", Itziar Aizpurua, Xabier Alegria eta Miren Zabaleta preso ohiek izan dute manifestazioko pankarta eramateko ardura.

PRESOEN ALDEKO MANIFESTAZIOA BILBON EFE

Manifestazio burua. Argazkia: EFE

Halaber, mobilizazioan izan dira ezker abertzaleko Rufi Etxeberria, Iker Casanova edota Arnaldo Otegi eta Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia ere.

Manifestazioa hasi baino lehen Juan Mari Olano preso ohiak hitz egin du kazetarien aurrean eta amnistiaren aldeko estrategia moldatu beharra dagoela onartu ostean, presoek hartzen duten edozein erabaki babesten dutela nabarmendu du. "Presoei solik dagokie noiz, nola eta zer egin erabakitzea. Guk babes osoa eskainiko diegu hartzen dituzten erabaki guztien aurrean. Ez daude bakarrik eta gizartearen bultzada eta laguntza izango dute ibilbide horretan", azaldu du Olanok.

Bestalde, Antton Lopez Ruiz "Kubati" preso ohiak presoen gaia agenda politikoan sartzea eskatu die alderdi politikoei eta gizarteari. Ildo horretan, nabarmendu du kolektiboa prest dagoela adiskidetzearen bidea egiteko eta legaltasunaren bidean urratsak egiteko, baina "salbuespenezko legediak" egoera oztopatzen duela. Dena den, horretrako "testuinguru egokia" izatea beharrezkoa dela gaineratu du. "Presoak atera eta iheslariak etxera ekarri behar ditugu. Hori gertatu arte zaila izango da berradiskidetzea gauzatzea, ezingo baitugu guztiok etxean egon", amaitu du.

Manifestazio burua 13:00ak pasatxoan iritsi da udaletxera, eta ondorengo ekitaldian komunikatua eta Belen Egües, Asier Ormazabal eta Josetxo Arizkuren, 'Kantauri' presoek bidalitako gutunak irakurri dituzte.

PRESOEN ALDEKO MANIFESTAZIOA BILBON ITURRIA: Daniel Rodriguez Fuentes

Manifestazioa Bilboko udaletxearen parean amaitu da. Argazkia: Daniel Rodriguez Fuentes

Amaierako ekitaldian Juan Mari Olanok hartu du hitza. Haren esanetan, presoek eurek bakarrik ezin dute pairatzen duten egoera "desaktibatu" eta "gure laguntza behar dute". Azken bost urteotan Euskal Herrian hainbat gauza aldatu direla onartu ostean, aitzitik, kartzeletako egoera "negargarria" dela eta "atzera egin" duela salatu du.

Presoek erabaki behar dutela adierazteaz gain, bidea eta helmuga ez direla nahasi behar azpimarratu du. Gainera, euskal presoak etxeratzeko borrokak, halabeharrez, mailakatua izan behar duela nabarmendu du.

"Gizartearekin batera egin nahi dugu, baina irmotasunez. Ez dugu gaixo dauden presoen espetxealdia luzatu behar", azaldu du. Are gehiago, gaixo dauden presoak lehenbailehen etxeratzearen alde egin du.

Ildo berean, sakabanaketa politika amaitzea aldarrikatu du. Haren esanetan , presoentzat ziegak berdinak dira kartzela guztietan, baina senide eta lagunak dira sakabanaketa pairatzen dutenak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Bilboko albisteak Presoak bideoak Eguneko albisteak