Politika -

Hendaian atzeman dute

Abokatuen eta ETAren arteko ustezko bitartekaria atxilotu dute

Atzemandakoa David Pla da. Asteazkenean Bizkaian eta Gipuzkoan Guardia Zibilak 10 pertsona (tartean hiru abokatu) atxilotu eta gero etorri da gaurko operazioa.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Poliziak pertsona bat atxilotu du gaur Hendaian (Lapurdi), aste honetan Bizkaian eta Gipuzkoan atzemandako abokatuen eta ETAko zuzendaritzaren artean bitartekari lanak egitea egotzita, terrorismoaren aurkako iturriak aipatuta EFE agentziak informatu duenez.

Hain zuzen ere, David Pla da atxilotutakoa. 2000 urtean ere atzeman zuten,&' || 'nbsp;ETAren Zaragoza taldeko kide izatea egotzita, baina 2006ko abuztuan atera zen espetxetik, zigorra bete ostean.

Pla goizeko lehen orduan atxilotu dute, Hendaian duen etxean. Une honetan, agenteak miaketa egiten ari dira.

Bere aldetik, atxilotutakoa Polizia Judizialaren egoitzara eraman dute. Oraingoz ez dago argi noiz eramango duten Parisera, baina aipatu iturriek zehaztu dute balitekeela "gaur gauean edo bihar" egitea.

Antza denez, asteazkenean Bizkaian eta Gipuzkoan 10 pertsona (tartean ezker abertzalearen hiru abokatu) atxilotu eta gero Guardia Zibilak Frantziako Poliziari emandako txostenei esker egin dute gaurko operazioa.

Aurten, 40tik gora pertsona atxilotu dituzte jada ETArekin zerikusia izatea egotzita.

"ETAren agindupean" egotea egotzi zien atzo Rubalcabak

Atzo bertan, Barne ministroak ziurtatu zuen asteazkenean atxilotutakoak "ETAren agindupean" zeudela, eta atentatuak egiteko informazioa biltzen zutela.

Halaber, ETArentzat militanteak bilatzea, ''iraultza zerga'' delakoaren ordainketan bitartekari izatea eta espetxeetan ETAren "ordezkari politikoak" izatea ere egotzi zien.

Bere esanetan, Francisco Javier Lopez Peña Thierry ETAko buruzagi ohiari atzemandako txostenak funtsezkoak izan dira operazioa gauzatzeko, baina baita Frantziako Poliziaren eta Inteligentzia Zerbitzu espainiarraren laguntza ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea