Politika -
'Panamako papelak'
Karguari uko eginda, Soriak ez ditu Kongresuan azalpenak eman beharko
Espainiako Gobernuaren iturrien arabera, ministro ohiak erantzukizunei uko egin dienez, agerraldia bertan behera geratuko da.
Agentziak | Erredakzioa
Jose Manuel Soriak ez du egin beharko 'Panamako paperetan' agertu eta gutxira Kongresuan eskatutako agerraldia. Industria ministro ohiak eskandaluaren azalpenak emateko hitzordua zuen apirilaren 18rako (astelehena), baina gaur karguari uko egin dionez, bertan behera geratuko da agerraldia.
Espainiako Gobernuko iturriek EFE albiste agentziari azaldu diotenez, Kongresuko Industria Batzordean astelehen arratsalderako aurreikusitako agerraldia bertan behera geratuko da.
Iturrion arabera, Mariano Rajoy jarduneko presidenteak azalpenak eman ditzan Pedro Sanchez buruzagi sozialistak eskatutako agerraldia ere baztertuko du Gobernuak.
Izan ere, exekutiboaren irudiko, Soriaren agerraldia egin beharrekoa zen, aparteko izaera zeukalako eta bere jarduera profesionalei zegokiolako.
Espainiako Gobernuak uko egin dio aukeratu ez duen ganbera batean azalpenak emateari, baina kasu honetan, agerraldiak ez zuen Soriaren ministro lanarekin zerikusirik, eta horregatik eman zion oniritzia.
Rajoyren agerraldi eskaera, berriz, kontrol parlamentarioari dagokiola uste du Gobernuak, eta aurretik beste eskaera batzuekin egin duen legez, baztertu egingo du.