Politika -
Polizia-operazioaren ostean
"Errepresioa gelditzea" eskatu dute atxilotuen senideek
"Benetako prozesu demokratiko bat abian jartzeko pausoak" ematen ari direla azaldu dute komunikatu batean. Horregatik, Espainiako Gobernuak "armekin eta errepresioarekin erantzutea" deitoratu dute.
Erredakzioa
Gipuzkoan eta Bizkaian, atzo, ustez ETArekin harremana izateagatik atxilotutako hamar lagunen adiskide eta senide talde batek "prozesu demokratikoa amaierara arte eramateko errepresio politikoa gelditzea beharrezkoa" dela esan dute gaur Donostian.
Aiert Larrarte abokatuak komunikatu bat irakurri du prentsaurrekoan, Donostian. Besteak beste, Martxelo Otamendi Egunkaria-ko zuzendari ohiak eta Aitor Lopez Rekarte Realeko, Almeriako eta Eibarreko jokalari ohiak lagundu dute. Atzo atxilotutako hiru abokatuen lankidea da Larrarte.
Dozenaka lagun bildu dira prentsaurrekoan, horien artean, Mikel Aranburu Realeko kapitaina. Horiek mahaiaren atzean paratu dira eta mahaian zintzilik ''Errepresioarekin amaitu, demokrazia Euskal Herriarentzat'' zioen pankarta bat.
Larrartek irakurritako komunikatuaren arabera, "Euskal Herrian aldaketaren bidea zabaltzen ari da" eta "benetako prozesu demokratiko bat abian jartzeko pausoak ematen ari dira".
Horregatik, Espainiako Gobernuak "armekin, atxiloketekin, inkomunikazioarekin eta errepresioarekin erantzun izana" deitoratu dute. Espainiako eta Frantziako Estatuek "irtenbide politikoa" ekidin nahi dute eta horretarako "errepresioa" erabiltzen dute, Larrartek azaldu duenez.
Inkomunikazioa
Atxilotuen egoeragatik kezka agertu du Larrartek, izan ere, aurten dagoeneko 21 atxilotuk "torturak salatu dituzte" inkomunikazio aldian, Larrarteren esanetan.
Horregatik, Donostian eta Bilbon, igandean, egingo diren manifestaldietan parte hartzeko deia egin dute bildutakoek.