Politika -
Espetxe-politika
Sortu:'Espetxe frontetik espetxeak husteko frontera pasatzeko unea da'
Pernando Barrenak azpimarratu du egungo legedia aplikatzea nahikoa dela presoak kaleratzen hasteko. Larunbatean Bilbon izango den manifestazioan parte hartzeko deia egin du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak esan du “espetxe frontetik espetxeak husteko frontera pasatzeko unea” iritsi dela, eta, ildo horretan, gogora ekarri du “presoak kaleratzeko prozesua abiarazteko nahikoa dela egun indarrean dagoen legedia aplikatzea”.
Barrena agerraldia egin du Donostian eta halaxe erantzun du kazetariek Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Kontrako Mugimenduak (ATA) ustez euskal presoei igorritako gutunei buruz egindako galderen aurrean.
Antza, ATAk “espetxeetako legedia ez onartzeko”, beren “borrokari eta militantziari” uko ez egiteko eta “damurik ez agertzeko” dei egiten die presoei aipatu eskutitzetan.
Gauzak horrela, Barrenak berretsi egin du Sorturen helburuetako bat dela “presoak berehala etxeratzea”. “Konponbideak bilatzeko, gatazka amaitzeko eta gatazkak eragindako ondorio guztiak bukatzeko testuinguruan, presoak kaleratzeko prozesua abiarazteko ez da beharrezkoa legedia aldatzea, nahikoa da egungo espetxeetako araudia aplikatzea, eta horretarako borondate politikoa soilik behar da”, azaldu du.
Hortaz, “garaia heldu da espetxeetako frontetik espetxeak husteko frontera pasatzeko. Uste dut esaldi horrek eduki politiko esanguratsua daramala bere baitan”, erantsi du.
Manifestazioa Bilbon
Bestalde, Sortuk deia egin dio euskal gizarteari datorren igandean euskal presoen eta iheslarien etxeratzearen alde Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko. Mobilizazioa 12:00etan abiatuko da, Casillatik. Barrenak antolatzailek preso ohiak izatean nabarmendu du.
“Euskal Preso Politikoen Kolektiboko partaide izan diren 1.600 pertsonek deitu dute manifestazioa; espetxea eta erbestea zer den badakite; guztien artean 15.000 urte baino gehiago egin dituzte preso eta, beraz, gatazka politikoak herri honetan eragin duen sufrimenduaren zati bat ordezkatzen dute”, azpimarratu du.
“Gai honekiko erakutsi duten jarrerak balio erantsi handia suposatzen du, balio kualitatiboa nahiz kuantitatiboa”, gaineratu du.