Politika -

Bizkaian eta Gipuzkoan

Hamar pertsona atxilotuta, ustez ETArekin erlazioa izateagatik

Arantza Zulueta, Jon Enparantza eta Iker Sarriegi abokatuak daude atxilotuen artean, baita Jose Luis Gallastegi LABeko kidea ere.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak gutxienez hamar pertsona atxilotu ditu gaur Bizkaian eta Gipuzkoan, horietako hiru ezker abertzaleari lotutako abokatuak, ETAko kideak izatea edo erakunde armatuari laguntzea leporatuta, albiste agentziek terrorismoaren kontrako iturriek jakitera eman dutenez.

Bilbon Arantza Zulueta eta Erramun Landa atxilotu dituzte; eta Hernanin Jon Enparantza eta Iker Sarriegi.

Bizkaiko hiriburuan Naia Zuriarrain preso ohia ere atzeman dute, Gernikan Jose Luis Gallastegi LABeko kidea, Sopelan Saioa Agirre, Donostian Juan Maria Jauregi Zalakain eta Asier Etxabe Azkue eta Usurbilen Jose Domingo Aizpurua.

Aipatu iturrien arabera, Javier Lopez Peña Thierry ETAko buruzagi izandakoari atzemandako agiriekin lotutako polizia-operazioa da. Atxiloketak Fernando Grande Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu ditu. Thierry-ri atzemandako informazioari esker Joseba Agudo Mancisidor abokatua ere atxilotu zuten.

Operazioak irekita jarraitzen du eta momentu honetan Guardia Zibila Bilboko eta Hernaniko abokatuen bulegoak miatzen ari dira.

Ezker abertzalearen ohiko abokatuak

Arantza Zulueta ezker abertzalearen abokatuen ohiko ahotsa da: duela hiru aste Jon Anza Frantzian hilik agertu zen ETAko kidearen sendiaren izenean hitz egin zuen prentsaren aurrean, Anzaren heriotzaren ingurukoak zalantzan jarriz.

Iragan martxoaren 2an, Auzitegi Nazionalak Jon Enparantza absolbitu egin zuen terrorismoa goratzeagatiko delitutik. Jose Maria Sagardui, Gatza, ETAko presoaren omenaldi batean aipatu delitua egitea egozten zioten.

Prozesu horren harira, Auzitegiak bi urteko kartzela-zigorra ezarri zion Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaile ohiari.

Naia Zuriarrain, bere aldetik, libre dago 2008ko apirilaren 5etik. ETArekin lotura izateagatik sei urteko kartzela-zigorra bete zuen Frantzian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea