Politika -
Auzitegi Nazionala
ERREAKZIOAK
Inputatuek "kalte-ordaina" eskatu dezaketela uste du PSEk. EAJ, Aralar, EA eta EB alderdiek "kalteen ondorioak ordaintzeko" eskatu diote Estatuari. PPk "irakurketa maltzurrik" ez egiteko esan du.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJko presidenteak zorionez hartu du ''Egunkaria auziko'' arduradunen absoluzioa, eta "bidegabekeri horren ondorioak ordaintzeko" eskatu dio Estatutari. Auzitegi Nazionaleko erabakia ezagutu eta gero, auzi horretan gertatutakoaren gaineko "ardura eta gaitzespena" adierazi du.
Urkulluren hitzetan, "Estatu demokratiko batean" justiziak horrelako "ondorioak" eragin izana onartezina da. "Beraz, eremu pertsonalean, sozialean eta ekonomikoan ondorioak eragin duen bidegabekeria ordaintzeko eskatzen diogu Estatuari", esan du.
Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak esan duenez, Egunkaria-ko bost arduradunen absoluzioarekin, "inoiz gertatu behar izan ez zuen jazoera bukatzen da". Pastorren hitzetan, Espainian justizia "ongi dabilela" eta Estatua "garantista" dela erakusten du sententziak.
Ildo horretan, egunkariko akziodunek eta zuzendariek "kalte-ordainak" eskatu ditzaketela uste du; izan ere, Egunkaria-ren itxiera Konstituzioaren kontrakoa izan zela dio sententziak.
EAEko PPk sententziaren "irakurketa maltzurrik" ez egiteko eskatu du, eta "testuak Fiskala noraezean ibili dela" adierazten du.
Leopoldo Barreda parlamentariak esan du epaileen erabaki hau, beste guztiak bezala, errespetatu behar dela. Barredaren ustez, sententziak era
Aralarrek ere, poztasunez hartu du erabakia: "albiste posibletatik, bakarra zen". Ildo horretan, justizia egiteko eta Estatuak ahalik eta arinen kalte-ordainak ordaintzeko unea heldu dela esan du.
Patxi Zabaletaren alderdiaren hitzetan, Estatuak "zehaztu eta ordaindu" behar ditu kalte-ordain horiek.
EAren ustez, "sententzia berandu heldu da, ez du sortutako kaltea ordaintzen eta Egunkaria ixteko borondate politikoa erakusten du". Hori dela eta, "erantzukizun politikoak" eskatu ditu.
Bestalde, EBren izenean, Mikel Aranak esan du albiste pozkarria dela eta orain Estatuak erantzun beharko duela oker egindako guztiagaitik.