Politika -
Munduko prentsa
Nazioarteko prentsak Garzonen kontrako epaiketa izan du hizpide
AEBetako, Britainia Handiko, Asiako, Afrikako eta Hegoamerikako hedabideek Espainiako epaile ospetsuenari buruzko albistea eman dute.
Radio Euskadi
Nazioarteko prentsak eta hedabideek Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epailearen kontra frankismoko krimenak ikertzeagatik egingo duten epaiketa izan dute hizpide.
The New York Times-ek "Pinochet eta Berlusconi jazartzeagatik ospetsu egin zen" epailea aipatzen du.
"Pinochet auziaren epailea" dio CNN-k ere. The Guardian Londresen argitaratzen den egunkariaren arabera, "gurutzaden epaile espainiarra epaituko dute botere gehiegikeriagatik".
Al Jazeera telebista kateak ere jaso du albistea. Garzon "Espainian maila handieneko epailea" dela azaltzen du eta "botere gehiegikeriagatik eta autoritatea gainditzeagatik" epaituko dutela.
Irlandan, The Irish Time-n zabaldu dutenez, "inork ez du ukatzen Espainiako Justizia era arriskutsuan dagoela politizatua. Baina orain, haietako bat, Garzon epaile handia, jomugan jarri dute oposizioko eskuinekoek antolatutako kanpaina batean eta epailearen kontra zerbait pertsonala dutenek".
Hegoamerikan ere eman dute albistearen berri. El Mercurio de Chile-k dio "Garzonen ibilbide distiratsua amai litekeela". Argentinako Clarin-en kontuak egin dituzte: "Garzoni 10 eta 20 urte artean gaitasun gabetu lezakete. 54 urterekin, horrelako zigor batek Espainiako epaile ospetsuenaren eta mediatikoenaren ibilbidea bertan behera utz lezake".