Politika -

Dokumentazioa

Nortzuek eseriarazi dute Garzon akusatuen aulkian?

Muturreko eskuina eta Gurtel auziko auzipetuak daude epaileak zain dituen hiru auzien atzetik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eskuin muturreko erakundeek (Manos Limpias eta Falange kasu) eta Gurtel auziko auzipetuek eseriarazi egin dute Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epailea akusatuen aulkian.

Kereila jarri duten guztien artean Manos Limpias da Garzonen aurka gehien egin duena.

Erakunde horrek "eremu nazionaleko sindikatu"tzat dauka bere burua, baina ez du ordezkaririk inongo lantokitan. 1995ean sortu zuen Miguel Bernard Remon Fronte Nazionaleko idazkari nagusi ohiak.

Harrezkero hainbat salaketa eta kereila jarri ditu. Gehienak atzera bota dituzte, baina lorpen handi bai izan du: 2008an Juan Mari Atutxa Eusko Legebiltzarreko presidente ohia zigortzea, Sozialista Abertzaleak taldea ez desegiteagatik.

Bernardek lan gatazkan zeuden Madrileko suhiltzaile batzuen eta homosexualen arteko ezkontza bat erakutsi zuen "Los Lunnis" telebista saioaren atal baten aurka ere jarri ditu salaketak. Baina hori dena Garzon ahaztu gabe.

1997tik hainbat salaketa jarri dizkio. 1992ko Sevillako nazioarteko erakusketa, GAL, Pinocheten auzipetzea, diru bereiziak, Poliziak ETAri egindako ustezko filtrazioa... Gai horiek guztiak izan ditu abiapuntu eskuin muturreko erakundeak.

Azken salaketan, Gerra Zibil eta frankismo garaian izandako desagerpenak ikertzen hasteagatik egin du haren kontra, eta Falange Española de las JONS alderdiak eta Libertad e Identidad elkarteak bat egin dute.

Falangek euren "oroimena" defendatzeko egin du Garzonen aurka.

Antonio Panea abokatuak beste auzi batean salatu du epailea, Jose Luis Mazonekin batera. Hain zuzen ere, New Yorken eskainitako ikastaro batean legez kanpo diru jaso izana egotzi dio.

Paneak eta Garzonek elkar ezagutzen zuten beste auzi baten ondorioz. Izan ere, abokatua Banco Santanderreko akzioduna zen eta Emilio Botin erakundeko presidentearen aurkako kereila baten sustatzaileetako bat izan zen, baina epaileak artxibatu egin zuen.

Garzonen aurkako batailarekin bat egin duten azkenak Gurtel auziko auzipetu batzuk izan dira. Francisco Correa ustelkeria sarearen ustezko burua eta Jose Luis Ulibarri enpresaburua hain zuzen ere, espetxean abokatuekin izan zituzten elkarrizketak grabatzeagatik.

Hori guztia dela eta, epaileak uste du dena PPk abiatutako "jazarpen kanpaina krudel" baten ondorio dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea