Politika -

Auzitegi Gorena

Garzon epaitu egingo dute, diktadura garaiko krimenak ikertzeagatik

Auzitegi Nazionaleko epaileari ezarri beharreko kautelazko neurriei buruz apirilaren 22an erabakiko du Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak osoko bilkuran.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Luciano Varela Auzitegi Goreneko epaileak argi berdea eman dio gaur Baltasar Garzon epaitzeari. Hain zuzen ere, prebarikazio delitua egotziko diote, eskuduntza ez izanda ere frankismo eta Gerra Zibil garaiko desagerpenak ikertzen hasteagatik.

Nolanahi ere, Varelak ez du oraindik sinatu autoa, eta Garzonek eta haren abokatuak ez dute albistearen berri ofizialki. Madrilgo hedabideek aurreratu dute informazioa, eta epaileak Auzitegi Nazionalera heldu denean jakin du epaituko dutela.

Akusatuen eserlekuan eseriko denez, seguru aski kautelazko neurriak ezarriko dizkiote eta kargua utzi behar izango du behin-behinean.

Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epailearen kontrako kautelazko neurriei buruz apirilaren 22an erabakiko du Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (CGPJ) osoko bilkuran.

Epaileen gobernu organoak jakinarazi duenez, neurriari buruz osoko bilkuran erabakiko dute eta ez Batzorde Iraunkorrean.

Garzonen aurkako kereila Manos Limpias muturreko eskuineko sindikatuak aurkeztu zuen, baina ondoren Libertad e Identidad elkarteak eta Falange Española de las JONS alderdiak bat egin zuten.

Beste kausak

Frankismo eta Gerra Zibil garaiko desagerpenen auzia Garzonek zain dituen hiruretako bat da.

Beste bietan, New Yorken ikastaro bat egiteagatik legez kanpo dirua jaso zuen eta Gurtel auzian auzipetutakoei bidegabe entzuketak egin zizkien ikertzen ari dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea