Politika -
Inbestidura
Erregeak ez du, oraingoz, alderdien bilera sorta deituko
Inbestidurari bide emateko negoziaziotan jarraitzeko modua emango die, horrenbestez.
Agentziak | Erredakzioa
Felipe VI.a erregeak Patxi Lopez Kongresuko presidenteari jakinarazi dionez, ez du, oraingoz, Kongresuan ordezkaritza duten alderdiekin bilera sortarik deituko. Hala, indar politikoei negoziatzen utziko die Espainiako presidente izateko babes nahikoa duen hautagai bat topatzeko bidean. Kongresuak ostiralean eman zion behin betiko ezetza Pedro Sanchez PSOEko hautagaiari, eta inbestidura saio berri baterako testuingurua aztertzeko bilera egin dute gaur erregeak eta Lopezek. Ingurumaria horretan, alderdiei "egoki ikusten dituzten ekimenak" burutzeko aukera eman nahi izan die Felipe VI.ak.
Espainiako errege etxeak ohar baten bidez egin du iragarpena. Erregeak bere erabakiaren berri eman dio Patxi Lopez Kongresuko presidenteari. Azken horrek, berriz, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia presidente izendatzeko ahaleginak huts egin duela jakinarazi dio ofizialki gaur Felipe VI.ri.
"Inbestidura saioaren ondoren, Erregeak Kongresuko presidenteari jakinarazi dio ez duela abiatuko, oraingoz, talde politikoen ordezkariekin bilera erronda berririk. Alderdi politikoek beharrezko ikusten dituzten ekimenak egiteko aukera izango dute, Konstituzioaren 99. artikulua aintzat hartuta", esan du errege etxeak. Erabaki hori talde parlamentarioei helarazteko eskatu dio erregeak Lopezi.
Bilerara sartu aurretik, Felipe VI.k ez du argitu beste bilera erronda bat abiatuko duen edo ez. "Ikusiko dugu", erantzun die bertan zeuden kazetariei.
Konstituzioaren 99.4 artikuluak zehazten duenez, presidentetzarako izendatutako hautagaiak Kongresuko bigarren bozketan gehiengo sinplearen babesik lortzen ez badu, "proposamen berriak" egingo dira, prozedura berbera jarraituz. Bi hilabeteko epea aurreikusten du Konstituzioak, Gobernu berria osatzeko, berriro hauteskundeak deitu aurretik.