Politika -
Polemika
Felipe Gonzazlezek Pablo Iglesiasi: 'Ez naiz orain minduko'
Podemoseko buruzagiak Espainiako Gobernuko presidente ohiari egotzi zion GALen ardura, “iragana kare biziz zikinduta” duela esanda.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Felipe Gonzalezek esan du ez dagoela minduta Pablo Iglesiasek atzo Diputatuen Kongresuko saioan egindako adierazpenagatik. Podemoseko buruzagiak Espainiako Gobernuko presidente ohiari egotzi zion GALen ardura, “iragana kare biziz zikinduta” duela esanda.
“Ez ditut bere amorrua eta gorrotoa ulertzen, baina badakit Anguitaren dizipulu ona dela. Hala ere, gainkargatuta dagoela iruditzen zait, pixka bat lasaitu beharko litzateke”, azpimarratu du Gonzalezek Madrilgo Cervantes Institutuan Gabriel Garcia Marquez idazleari egindako omenaldian. Bertan izan da Pedro Sanchez PSOEren buruzagia ere, baina honek ez du inolako adierazpenik egin.
Gonzelezek uste du adierazpen horiek eginda, Pablo Iglesiasek bere burua agerian utzi duela: “Autorretratu ezin hobea izan da”. GALen erantzule dela esateagatik minduta sentitu ez dela nabarmendu du.
“Nire amaren arabera, 74 urte bete ditut gaur; Monederoren esanetan, isilik egoteko adina. Ez naiz orain minduta sentituko; norbaitek ni mindu ahal izateko…”, esan du aipua bukatu barik.
“Espainiak herritarren arazoak konpontzea behar du, eta ez amorrurik edo gorrotorik”, erantsi du.