Politika -
Espainiako Gobernua
IUk Ciudadanos baztertu eta lauko mahaira itzultzeko eskatu dio PSOEri
Garzonek esan du ez duela etsiko ezkertiarrek osatutako Gobernu bat posible egiteko ahaleginean.
agentziak | erredakzioa
Alberto Garzon IU-UPren Kongresuko bozeramaileak esan du ez duela etsiko ezkertiarrek osatutako gobernua osatzeko ahaleginean, eta, horretarako, Ciudadanosekin egin duen itun "andaluziarra" baztertzeko, eta Podemosekin eta Compromisekin lauko negoziazio mahaira itzultzeko eskatu dio PSOEri.
Garzonek Kongresuan emandako prentsaurreko batean azaldu du Podemos eta Compromis bihar bertan mahai horretara itzultzeko prest daudela, Espainiako erregeak aurkez lezakeen hautagaia gora behera.
Atzo Kongresuan "ezkertiarrei uko egin eta eskuindarrekin ituna egiteko Susana Diazek Andaluzian egin zuen estrategia" errepikatu zela kritikatu du, eta Pedro Sanchezi esan dio ez entzuteko Diazi eta Felipe Gonzalezi, eta "bide indartsuena" hautatzeko: lauko mahaia.
IUren buruak onartu du Sanchezen eta Pablo Iglesiasen arteko harremana ez dela "dotorea", baina ez du uste hori oztopoa denik negoziazio taldeek hitz egin dezaten.
Bestalde, Garzonek gogorarazi du ekonomia izan dela PSOE alderdi ezkertiarrengandik bereizi duena, eta Ciudadanosekin jarraitzen duen bitartean IUk ezetza emango diola berretsi du.