Politika -

Noos auzia

Urdangarin: 'Infantak ez zuen inoiz Aizoonen Visa txartela erabili'

Sozietatearen gastu gisa ordainketa pertsonalik aurkeztu ote zuten galdetuta, kontulariaren erabakia zela nabarmendu du duke izandakoak.

Urdangarin, gaurko saioan. EFE
Erregeak ez zuela senar emazteen negozioetan zerikusirik esan du

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Urdangarin Palmako duke ohi eta Noos auziaren akusatu nagusietakoak epaiketaren gaurko saioan adierazi duenez, Aizoon sozietatearen % 50ren jabe izatearren bankuak Cristina infantari bidalitako Visa txartela berak kudeatzen zuen, eta, beraz, emazteak ez zuen "inoiz" erabili, "klabeak ere ez zituen", erantsi du.

Hirugarren deklarazio eguna du gaurkoa Urdangarinek. Virginia Lopez Negrete Manos Limpiaseko abokatuak egindako galderei erantzunez, aurreko bi egunetan eutsitako tesia defendatu du Urdangarinek: infantaren errugabetasuna. Haren hitzetan, emazteak ez zuen "inoiz" ustez gastu pertsonalak ordaintzeko erabili zen txartela erabili, eta berak eta Aizoonen idazkariak kudeatzen zuten.

Txartela gastu pertsonalak ordaintzeko erabiltzen ote zuten itaunari (ile-apaindegi, supermerkatu eta farmazia tiketak daude) ezjakintasunaren alorretik erantzun dio Urdangarinek. Esan duenez, gastu pertsonalen eta sozietatearen ziurtagiriak, denak, idazkariaren esku uzten zituen, eta idazkariari zegokion "Aizooni egotzi beharrekoak zeintzuk ziren erabakitzea". "Kontulariarekin hitz egingo zuela suposatzen du", erantsi du.

"Nik tiketak ematen nizkien, euren lana zen gastuak sailkatzea, horretarako nituen kontulariak, lanok egiteko", argudiatu du Urdangarinek.

Aizoonen kontura ordaindutakoen artean, altzarien faktura bat dago. Urdangarinen hitzetan, "Aizoonen bulegoen altzariak izango ziren". Alokairu gastu bat ere badago (hileko, 515 euro), eta horren inguruan galdetuta, zerena zen ez dakiela esan du erregearen koinatuak. "Ni ez nintzen fakturazioaz arduratzen", arrazoitu du.

Infantaren lana

Aizoon sozietatea sortuta, horren erdia emazteari zergatik eman zion ere galdetu dio Perez Negretek. "Konfiantza kontu bategatik egin nuen. Berak jakin zezan zertan hasi behar nintzen. Ondoan nahi nuen", azaldu du. Hori bai, sozietatean inongo funtziorik ez duela berretsi du.

Infanta Cristina Iñaki Urdangarin Caso Noos auzia. EFE

Senar-emazteak Palmako epaitegira heltzen, gaur. EFE

Infanta Aizoonen bileretara joaten ote zen itaundu diotenean, batzarrik egiten ez zutela argitu du Urdangarinen: "Gure aholkulariek dokumentazioa prestatu zuten, nik berrikusi eta gero berak sinatzen zuen". Aurretik deklaratutakoarekin talka egin dute adierazpenok. Izan ere, instrukzio epaileari esan zionez, bileretara joaten ziren biak.

"Orokorrean, ez genuen lanaz asko hitz egiten", nabarmendu du Urdangarinek, eta horrela arrazoitu du infantak berak egindako lanen inguruko xehetasunik ez jakitea. Duke ohiaren arabera, "apenas ezagutzen zuen nire lana". Aizoonen mezu elektroniko batzuetan Cristina infanta kopian ageri dela eta, "garrantzitsuak" iruditzen zitzaizkion gaien inguruen berri eman nahi ziola aitortu du, dena den.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Cristina infanta albisteak Berriak Politika Epaiketak albisteak Eguneko albisteak