Politika -
Noos auzia
Errege Etxeak Noos institutua babestu zuela deklaratu du Urdangarinek
Hala eta guztiz ere, Cristina infanta proiektu horretatik kanpo utzi du, eta Noos Institutuan egitekorik ez zuela esna du.
agentziak | erredakzioa
Iñaki Urdangarinek, Noos Institutuko bazkideetako batek, esan du Miguel Tejeiro kontulari ohia izan zela Aizoon enpresa sortzea aholkatu ziona "ordainsari profesionalak bideratzeko". "Elkarte bat edukitzea ondo legokeela esan zidan", berretsi du duke ohiak, baina elkarte horren erdia Cristina infantarena zen arren, merkataritza operazioetatik aparte utzi du emaztea. Era berean, infantak ez omen zuen egitekorik Noos Institutuan.
"Beti izan dut konfiantza Tejeiroren iritzian", adierazi du akusatuak, Aizoon aholkularitza sozialerako eta higiezinen alokairurako sortu zutela gogorarazi aurretik.
Zerga Agentziaren arabera, Urdangarinek "babes" gisa erabili zuen Aizoon, elkarte horrekin zerikusirik ez zuten gastuak deklaratzeko, eta horrela zerga gutxiago ordaindu ahal izateko errenta aitorpenean.
Gainera, infantak aitortu egin zuen 2014ko otsailaren 8an deklaratu zuenean senarrak Aizoonen bitartez bideratzen zituela ordainsari profesionalak.
Bestalde, Palman dituen etxebizitzen alokairuaz galdetuta, Urdangarinek esan du Noos Aholkularitzak erosi zituela, Aizooni alokatu zizkiola, eta gero partikular baten esku geratu zirela. Azaldu duenez, ez zekien zertarako egin zuten hori, "Miguel Tejeiroren aholkua" izan baitzen.
"Sekula ez ditut lan horiek nire gain hartu, eta zerga eta finantza gaiak Miguel Tejeiroren esku utzi ditut", gaineratu du.
710.000 euro Valentziatik eta Balearretatik
Urdangariek esan du 710.000 euro kobratu zituela Noos Institutuan 2004tik 2005era Valentzian eta Balearretan antolatu zituen goi-bilerengatik.
"2004tik 2005era guztira 710.000 euroko ordainsaria jaso nuen Valencia Summit eta Ibforum antolatzeagatik. Hori da goi-bileren akordioagatik Noos Institututik jaso dudan bakarra, gainerakoa enpresa pribatuei eskainitako aholkularitza zerbitzuagatik jaso dut", adierazi du Urdangarinek.
Noos Institutuan kobratzen zuena "proiektu bakoitzaren zuzendariak" zehazten zuen, Palmako duke zenak orduan zuen karguaren arabera.
Proiektuen zuzendariek erabakitzen zuten aholkulariek zenbat ordu egin behar zituzten lan eta, bere kasuan, idazkaria zen agendan oinarrituta orduak zenbatzen zituena.
Pausorik ez Garcia Revengari galdetu gabe
Bestalde, argitu du "bizitzan pauso bat ere ez" duela eman Carlos Garcia Revenga Noos Institutuaren diruzain ohi eta infanten idazkari pertsonal ohiari galdetu gabe. Garcia Revengak "egiten genuen guztia" zekiela azaldu du.
Diruzain ohia inputatuta egon zen hainbat hilabetez irregulartasunen berri zuelakoan, baina artxibatu egin zuten bere auzipetzea.
Fakturak
Urdangarinek Noos Institutuaren fakturekin zerikusirik ez zuela esaten jarraitu du, enpresako lana banatuta zegoelako, eta hori ez zelako bere egitekoa.
Horixe adierazi dio Pedro Horrach fiskalari galdeketaren hasieran, fakturena ere Tejeiroren egitekoa zela azpimarratu baino lehen.
Urdangarinen galdeketari ekin diote gaur berriro, 09:15 aldera. Diego Torres bazkideak aurreko astean deklaratu zuen 25 orduz.
Noos Institutuaren bitartez Valentziako, Balearretako eta Madrilgo erkidegoetako sei milioi euro eurenganatzea leporatuta ari dira epaitzen.