Politika -

Diputatuen Kongresua

Horrelakoa izango da Pedro Sanchezen inbestidura saioa

Inbestidura saioa astearte honetan (16:30) hasiko da, presidentegai sozialistaren hitzaldiarekin. Lehendabiziko bozketa asteazkenean egingo dute; eta, bigarrena, ostiralean.

Pedro Sanchez PSOEren presidentegaia. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez PSOEren presidentegaia. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez PSOEren presidentegaia. Argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteartea

16:30. Pedro Sanchezen agerraldiarekin hasiko da inbestidura saioa. Legegintzaldi berrirako programa aurkeztu du eta nahi adina denbora izango du bere azalpenak emateko.

Sanchezek agerraldia amaitzean, lehendabiziko saioa bukatutzat emango dute.

Asteazkena

09:00. Asteazken goizean talde parlamentarioen txanda izango da. Talde handienetik txikienera egingo dituzte agerraldiak, gehienez 30 minutuz.

Goizeko saioaren ostean, atsedenaldi txiki bat egingo dute, arratsaldean jarraitzeko. Azken hitzartzea Talde sozialistako bozeramaileak egingo du.

Pedro Sanchezek nahi beste eskatu ahalko du hitza. Taldeei erantzuteko bi aukera izango ditu: banan-banan erantzutea edo agerraldiak amaitu arte itxarotea eta guztiei batera erantzutea. Taldeetako bozeramaileek Sanchezi erantzuteko beste 10 minutu izango dituzte.

21:00. Inbestidura saioko lehendabiziko bozketa agerraldi horiek guztiak bukatu ostean egingo dute, Patxi Lopezen kalkuluen arabera, 21:00ak aldera.

Ostirala

19:30. Espero bezala, Sanchezek gehiengo absolutuaren (176 boto) babesa lortzen ez badu, Kongresuko diputatuak berriro elkartuko dira ostiralean, lehendabiziko bozketa burutu zen ordua baino ordu bat eta erdi lehenago.

Bigarren bozketa egin aurretik, PSOEren presidentegaiak 10 minutuko agerraldia egingo du eta taldeetako bozeramaileak bost minutuz hitzegiteko aukera izango dute.

Bigarren bozketan gehiengo sinplearen babesa ez badu, aipatu prozesua hautagai ezberdinekin errepikatuko litzateke.

Bi hilabetetan Sanchezek edo beste hautagairen batek Espainiako Gobernuko presidente  aukeratzea lortu ezean, ekainaren 26an hauteskundeak deituko lituzkete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Politika PSOE Pedro Sánchez bideoak Gaurko azken ordukoa