Politika -

Galdeketa militanteei

Militanteek PSOE-Ciudadanos akordioa babestea espero du Sanchezek

PSOEko militanteek gauerdira arteko epea dute Pedro Sanchez buruzagi sozialistak asteon sinatu duen gobernu akordioaren inguruko iritzia emateko.

Pedro Sanchezek eta Albert Riverak aste honetan sinatu zuten akordioa. Argazkia: EFE
Pedro Sanchezek eta Albert Riverak aste honetan sinatu zuten akordioa. Argazkia: EFE
Akordioari 'baietz biribila' emateko eskatu die Sanchezek militanteei

5:52

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Militante sozialistek PSOEk eta Ciudadanosek asteon sinatu duten gobernu akordioari erabateko babesa emango diotela espero du Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak. Ildo horretan, "harrotasunez" ituna babesteko eskatu dio militanteei "sozialisten printzipioekin -berdintasuna, askatasuna, justizia soziala eta anaitasuna-" bat egiten duela argudiatuta.

Halaber, datorren asteko inbestidura saioan ituna babesteko eskatu die "aldaketaren gaineko alderdiei" ere.

Inbestidura saioaren bezperatan -asteartean izango da-, PSOEk antolatu duen galdeketan parte hartu du Sanchezek Madrilgo Pozuelo de Alarcon herriko sozialisten egoitzan. 190.000 afiliatu sozialista daude parte hartzera deituta eta gauerdira arte izango dute horretarako epea.

Akordioa beste alderdiei irekita dagoela azpimarratu ondoren, ezkerreko alderdiei -Podemos kasu- itunera batzeko dei egin die.

"Ez dezala inork ahaztu PSOEko idazkari nagusiak aurkezten duela hautagaitza, beste ezkerreko alderdi batzuk bezain ezkerrekoa den alderdiak", aldarrikatu du.

Sanchezen esanetan, "Gobernu erreformista eta aurrerakoia" osatzeko PSOEk eta Ciudadanosek sinatutako ituna "koherentea" da PSOEren printzipioekin eta baloreekin eta "espainiarrek politikariei eskatzen diotenarekin: akordioa, negoziazioa, elkarrizketa eta ulermena".

Buruzagi sozialistaren hitzetan, gaurkoa "egun garrantzitsua" da sozialistentzat. "Gaur egun zoriontsua da PSOErentzat, militantziari iritzia emateko aukera emanda, demokraziari ahotsa eman diogu"; azpimarratu du. Sozialistek ez dute parte hartzeari buruzko daturik eman nahi izan.

Espainia osoko militante sozialistek galdeketan parte hartuko dutenaren esperantza agertu du Sanchezek. Azpimarratu duenez, haren historian lehen aldiz, PSOEk Espainiako presidente izateko hautagaitzan aurkeztuko duen akordioari buruzko iritzia emateko eskatuko die militanteei. "PSOEk egin du hori, ez beste inork", nabarmendu du.

 

 

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Alderdi Sozialista Hauteskunde orokorrak Espainiako Gobernua albisteak Espainia Pedro Sánchez albisteak Ciudadanosi buruzko albisteak Gaurko azken ordukoa Albert Rivera bideoak