Politika -
Epaia
6-8 hilabeteko zigorra ezarri diete Blanquernako ultrei
Kondenatuek eraso egin zuten Kataluniako Generalitateak Madrilen duen kultur-etxe batean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Madrilgo Probintzia Auzitegiak 6 eta 8 hilabete arteko espetxe zigorra ezarri die 2013an Madrilgo Blanquerna kultur-etxean (Kataluniako Generalitatearena da) erasoa egin zuten 14 ultrari.
Epaileak desordena publikoak eta kalteak egitea egotzi die aipatutako 14 eskuindarrei, eta absolbitu egin du beste bat. Kondenatuei aringarri bat ezarri die: kalte-ordainak eman izana.
Akusazioek atentatua egitea eta autonomia erkidego baten banderari irain egitea egotzi zieten akusatuei, baina epaileak absolbitu egin ditu delitu horietan.
Kondenatuek 1.372,14 euroko kalte-ordainak eman beharko dizkiote Kataluniako Generalitateari, eta 94,2 eurokoak Josep Maria Bosch Gobernu autonomikoak Madrilen zuen ordezkariari.
Fiskalak 2 eta 4 urte arteko espetxe zigorra eskatu zuen akusatuen aurka.