Politika -
Pedro Sanchezen inbestidura
Lauko bilerekin segituko dute, PSOEk eta Ciudadanosek ituna egin arren
Alberto Garzonek (IU) klase herritarren aldeko “erresistentzia Gobernua” osatzeko deia egin dio PSOEri, PPk eta Ciudadanosek babesten dituzten politika neoliberaletatik urrunduta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Alberto Garzon Izquierda Unida-Unidad Popular taldearen Kongresuko bozeramaileak jakinarazi duenez, asteazken honetan (18:30) berriro bilduko dira PSOE, Podemos, IU-UP eta Compromis, desadostasunak dituzten gaiak aztertzeko, hala nola, lan-erreforma, lurraldearen antolaketa, premiazko neurri sozialak, hauteskunde-sistema eta herritarren parte-hartzea.
Gaurko bileran asteazken honetan eztabaidatu beharreko gai-ordena zehaztu dute. Hala ere, Garzonek gogoratu du beste arlo askotan ados daudela, tartean indarkeria matxistaren aurkako borrokaren eta lanbide arteko gutxiengo soldataren igoeraren beharrizana azpimarratzerakoan.
Bestalde, Garzonek klase herritarren aldeko “erresistentzia Gobernua” osatzeko deia egin dio PSOEri, PPk eta Ciudadanosek babesten dituzten politika neoliberaletatik urrunduta.
Alderdi Sozialistak eta Ciudadanosek aurre-akordioa lortu duten arren, ezkerreko alderdiek negoziatzen jarraituko dutela azpimarratu du, “herritarren gehiengoak aldaketarako Gobernua nahi duelako”.
Horrenbestez, “azken unera arte, azken aukera agortu arte” hitzegiten segituko dutela berretsi du.