Politika -

Negoziazioak

Ituna lortzeko, Konstituzioaren erreforma eskatu dio Riverak Sanchezi

Horren eskaeren artean, lurralde diputazioak kentzea eta presidentearen agintaldia gehienez zortzi urtera mugatzea daude.

Rivera, gaurko agerraldian. Argazkia: EiTB
Ciudadanosek konstituzioan aldatu nahi dituen bost puntuak

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Baldintza argia jarri dio Ciudadanosek PSOEri Pedro Sanchezen inbestidura errazteko: Espainiako Konstituzioaren erreforma "azkarra" egitea. Horren eskaeren artean, lurralde diputazioak kentzea eta presidentearen agintaldia gehienez zortzi urtera mugatzea daude, besteak beste.

Ciudadanoseko presidenteak berak eman du horren berri gaur Kongresuan egin duen agerraldian. Riveraren hitzetan, Konstituzioa erreformatzeko ituna lortzeko "nahitaezko baldintza" da, eta, hortaz, "azken eginahala" egiteko eskatu dio Sanchezi. Izan ere, horren arabera, akordioa "gertu" dago, "oztopo garrantzitsuak" dauden arren.

Ciudadanosek eskatutako erreforma horrek bost puntu izango lituzke. Hauek dira eskatutako aldaketak: kargudun publikoak forudunak ez izatea, legegintzaldiko herri-ekimen bat aurkezteko sinadura kopurua 250.000ra jaistea, Justizia "despolitizatzea" (epaileak aukeratzeko sisteman aldaketak eginda), lurralde diputazioak kentzea eta Gobernuko presidentearen agintaldia gehienez zortzi urtekoa izatea. Gobernu berriaren lehen hiru hilabeteetan abiatu beharko litzateke erreforma, Riveraren esanetan.

Diputazioak kentzea

Ciudadanoseko buruzagiaren aburuz, ezin diete herritarrei zergak igo, eta, aldi berean, "bikoiztasun administratiboak" mantendu. Alfredo Perez Rubalcaba sozialistak ere horren alde egin zuela gogoratu du. Ciudadanosen ustez, diputazioen lana zerbitzuen mankomunitateek egin lezakete.

Kargudun publikoei forudun izaera kentzeko eskaera hizpide hartuta, ustelkeria kasuetan bakarrik aplikatzekoa dela zehaztu du Riverak. Gainerakoan, "diputatuaren adierazpen askatasuna" bermatu nahi dute.

Konstituzioaren erreformaz gain, negoziazioan "oztopo txiki batzuk" daudela onartu du Riverak, baina "horietan ere akordioa" lortzea espero duela esan du.

48 orduren buruan, asteazkenean asko jota, jakin beharko litzateke, Riveraren aburuz, bi alderdien artean akordiorik dagoen edo ez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika PSOE Espainiako Gobernua bideoak Pedro Sánchez Ciudadanos alderdia Eguneko albisteak Albert Rivera albisteak