Politika -
Sozialisten primariak
Erabakitze-eskubideak hainbat alderdi batuko dituen beldur da Mendia
Adierazi duenez, 'etorriko diren garaiak zailak izango dira, EAJ, EH Bildu eta Podemos erabakitze-eskubidearen alde bilduko dira'.
Agentziak | Ererdakzioa
PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendiak "etorriko diren garaiak zailak" izango direla ohartarazi du gaur, "EAJ, EH Bildu eta Podemos erabakitze-eskubidearen alde bilduko baitira eta gizartea banatuko baitute".
Sozialisten buruak afiliatuekin Bilbon egin duen batzar batean egin ditu adierazpenok, lehendakari izateko sozialisten hautagai izateko primarioetan.
Mendiak baieztatu duenez, joan zen asteburuan EAJk, alderdi horrek Batzar Nagusia egin zuenean, "Euskadin oroitzapen ilunak eragiten dituen 'Ibarretxe plana' plazaratu zuen berriro".
"Arazoa hauxe da: moden, jendeak atsegin dituen gauzen araberako politika egiten duten bidaia-lagun batzuk aurkituko dituela, eta erabakitze-eskubidearen gaia erosi dutela", adierazi du, Podemos alderdiari erreferentzia eginez.
Horren aurrean, PSE-EE "zubiak eraikitzen eta adostasunak bilatzen dituen alderdia" izan behar duela esan du Mendiak, jendearen arazoak konpontzeko politika egingo duena.
Horretarako, erreferendumaren figura defendatu du, uste baitu herritarrek erabaki egin behar dutela, baina, zehaztu duenez, "legezkoak diren erreferendumetan" erabaki behar dutela, eta "ez gizartea bereizten duten galdeketetan".
PSE-EEko idazkaria gizarte-eskubideen aldekoa azaldu da, eskubide historikoen aurrean, eta Euskadi "agenda sozialean zentratuta" egon dadila nahi du.
Mendiak bere proiektua afiliatuekin batera "pentsatzeko" asmoa dauka, "nolabaiteko programa ireki eta parte-hartzailean", datozen hilabeteotan landuko duena.