Politika -
Auzitegi Gorena
Frankismoa ikertzeagatik Garzonen kontrako epaiketa, hurbilago
Erabakiaren berri izan ostean, Baltasar Garzonek nabarmendu du errugabea dela eta bere burua defendatuko duela. "Batzuek akusatuen eserlekuan ikusi nahi naute, baina ez dut beldurrik", erantsi du.
Erredakzioa
Auzitegi Gorenak Luciano Varela epailearen erabakia berretsi du, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionalaren kontrako kausa ez artxibatzea erabakiz eta prebarikazioa leporatuta akusatuen bankuan esertzeko aukera zabalik utziz. Izan ere, Garzon eskuduntzat eman zuen bere burua frankismoan izandako hilketak aztertzeko.
Gorenaren ebazpenaren berri izan ostean, Baltasar Garzonek bere "errugabetasun absolutua" babestu du eta frankismo garaiko desagertzeak ikertzen hasi zenean "erregulartasunez" jokatu zuela esan du. "Ez diot beldurrik akusatuen eserlekuan egoteari", azpimarratu du.
"Batzuek, ez dakit askok ala gutxik, irudi hori ikusi nahi dute, baina nire burua defendatuko dut eta errugabea naizela erakutsiko dut", erantsi du.
Ebazpena
Varelaren epaiaren aurrean, Garzonek helegitea aurkeztu zuen eta Auzitegi Gorenaren esanetan, "ez dago deliturik egon ez delako ziurtasunik, ez da arbitrarioa edo zentzugabekoa", beraz, kausak aurrera egin behar du.
Otsailean kausa artxibatzea ukatu zuen Varelak eta Amnistia Legea "jakinaren gainean egonda alde batera uztea" leporatu dio epaileari, Gerra Zibileko eta frankismoko hilketak ikertzeko bere burua eskuduntzat emateagatik..
Varelaren ustez, Garzonek bazekien ez zela eskuduna gertakari horiek ikertzeko eta "frankismoko krimenen biktimak aurkitzeko eta lurpetik ateratzeko inguruko erabakia alde batera uzteko helburuz jokatu zuen, Espainiako Gorteek gertakari hauei amnistia eman zieten arren".
Helegitea
Garzonen ustez, arrazoi hauek eutsiezinak eta oinarririk gabekoak dira eta zigor-arloko salaren aurrean helegitea aurkeztu zuen. Zigor-arloko salak, ordea, ez du Varelaren epaian ez ditu benetako akatsik aurkitu.
Beste kausak
Bestalde, Auzitegi Gorenak Baltasar Garzon epailea auzipetu bezala deklaratzera deitu du datorren apirilaren 15ean, New Yorkeko Unibertsitatean eskolak ematen aritu zen garaian jaso zituen kobratzeengatik bere kontra kereila jarri eta gero.
Gainera, Auzitegi Nazionalean hirugarren kausa bat du Garzonek, izan ere Gürtel auzian inputatuta egoteagatik kartzelan dauden hainbat pertsonen arteko deiak kontrolatzeagatik.