Politika -
EAE-ko Auzitegi Nagusia
Arraizek gaur deklaratuko du Guardia Zibilari 'xake-mate' esateagatik
Arraizen auziperatzeak “adierazpen askatasunaren oinarrizko eskubidea urratzen” duela salatu du Sortuk agiri batean.
Agentziak | Erredakzioa
Hasier Arraiz Sortuko presidenteak EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean deklaratuko du gaur, Bilbon, ustez Guardia Zibila larri iraintzeagatik.
Kereila Dignidad y Justicia elkarteak aurkeztu zuen. EH Bilduko legebiltzarkideak adierazpenak egin zituen, Guardia Zibilak Xake operazioan, 2015eko urtarrilaren 12an, presoen abokatuak atxilotu ondoren.
Egun horretan bertan eta urtarrilaren 14an Arraizek bi prentsaurreko eman zituen. Lehenengoan, euskal gizarteak Guardia Zibilari “xake-mate” eman behar ziola esan zuen, eta Euskal Herritik ospa egiteko eskatu zuen; bigarrenean, metaforarik gabe, Euskadin indarkeria bakarra Espainiako Estatuarena zela adierazi zuen. “Indarkeria mehatxu bakarra” Guardia Zibilarena eta gainerako “errepresio” indarrena zela erantsi zuen Arraizek.
Era berean, presoen abokatuak atxilotzeko helburua “mendekua” zela azaldu zuen Sortuko buruzagiak.
Hilabete batzuk geroago, EAEko Auzitegi Nagusiaren lan-arloko aretoak kereila onartu zuen, baina “Espainiari laidoa” ustezko delitua atzera bota zuen.
Ezker abertzaleko buruzagiaren adierazpenak Guardia Zibilaren kontrako “irain larriak” zirela ebatzi zuten magistratuek autoan. Epaileen ahotan, Guardia Zibila “indarkeria mehatxu, Estatu terrorista baten mendeku tresna errepresibo eta Euskal Herrian demokraziaren eta bake agertokiaren aurkako indar” bezala aurkeztu zuen Arraizek.
Salatutako gertakariak egiaztatzeko txostena bidaltzeko eskatu die Roberto Saiz epaileak Guardia Zibileko eta Ertzaintzako Informazio zerbitzuei. Era berean, “Estatuko segurtasun indarrak EAEtik eta Nafarroatik kanporatzea ETA erakunde terroristaren aldarrikapen historikoa” izan dela frogatzeko txostenak eskatu dizkie.
Bestalde, “Guardia Zibilak banda armatuaren 60 urteetan pairatu dituen jazarpen eta hilketen” inguruko beste txosten bat eskatu du.
Sortu: "Espainiako Estatuan jazarpen ideologikoa dago”
Arraizen auziperatzeak “adierazpen askatasunaren oinarrizko eskubidea urratzen” duela salatu du Sortuk agiri batean. Ezker abertzalearen hitzetan, “Espainiako Estatuan disidentziaren aurkako jazarpen ideologikoa dago”.
“Guardia Zibila eta Auzitegi Nazionala salbuespen tresnak dira egun, eta horregatik Euskal Herritik desagertu behar direla uste dugu”, gaineratu du Sortuk.
Sortuko Kontseilu Nazionaleko ordezkaritza batek eta EH Bildu koalizioko kideek Arraiz Bilboko Justizia Auzitegira arte lagunduko dute gaur.