Politika -
Auzitegi Konstituzionala
Kataluniako Atzerri Departamentua behin-behinean baliogabetu dute
Espainiako jarduneko Gobernuak helegitea aurkeztu zuen Kataluniako Atzerri Departamentua sortzeko Generalitateak abiarazitako proiektuaren aurka.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Konstituzionalak onartu egin du Espainiako Gobernuak Kataluniako Atzerri Departamentua sortzeko Generalitateak Kataluniako Parlamentuan abiarazitako ekimenaren aurka aurkeztutako errekurtsoa, eta, beraz, behin-behinean baliogabetuta geratu da egitasmoa.
Jardunean dagoen Espainiako Gobernuak otsailaren 5ean erabaki zuen Auzitegi Konstituzionalera jotzea, Kataluniako Generalitateak Atzerri Departamentua sortzeko proiektua geldiarazteko.
Rafael Catala Justizia ministroak orduan adierazi zuenez, “departamentu hori osatzeak Estatuaren eta autonomia erkidegoen eskumenak urratzen ditu”.
Errekurtsoa Espainiako Gobernu berria osatu gabe dagoela jarri zela eta, Catalak esan zuen “Zuzenbide Estatua inoiz ez” dagoela jardunean, “Konstituzioa betetzen dela bermatzeko bada”.
Espainiako araudiak, premiazko egoeratan, ahalmena ematen dio jarduneko Gobernuari hainbat ekinbidea martxan jartzeko.
Kataluniako Gobernu berriak joan den urtarrilean adostu zuen Atzerri, Gardentasun eta Harreman Instituzionaletarako Departamentua sortzeko prozesua abiaraztea. Raül Romevak zuzenduko du.