Politika -

Noos auzia

Infanta errugabetu du Noos Institutuko kontulari ohiak

Marco Antonio Tejeirok epaiketan esan duenez, zuzendaritzako kide bazen ere, erregearen arrebak ez zuen eguneroko jardunean parte hartzen.

Infantak Aizoonen ez zuela erabakirik hartzen esan du Tejeirok

1:30

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Marco Antonio Tejeiro Noos Institutuko kontulari ohiak esan duenez, Cristina infanta errugabea da, institutuko zuzendaritzako kide bazen ere, eguneroko jardunean parte hartzen ez zuelako. Hala esan du Tejeirok gaur Noos auzia argitzeko egiten ari diren epaiketan.

Ostegunean hasi zen kontulari ohiaren deklarazioa. Tejeirok akordioa adostu du fiskalarekin, eta bi urteko kartzela zigorra eskatzen du harentzat Ministerio Publikoak. Trukean, Iñaki Urdangarinek eta Diego Torresek sortutako Noos Institutuaren inguruko nondik norako guztiak azaltzeko prest agertu da. Manos Limpias herri akusazioak 11 urteko espetxe zigorra eskatu du Tejeirorentzat.

Kontulari ohiaren aitortza gakoa da epaiketan, ondo ezagutzen baitzuen Noos Institutua eta hura kudeatzeko sortu zuten Aizoon enpresa.

Tejeiroren hitzetan, erregearen arrebak ez zion inoiz agindurik eta fakturarik eman, eta Noos Institutuan "bi aldiz" bakarrik ikusi zuela nabarmendu du. Aurrenekoan, Urdangarinen bila joan omen zen; bigarrenean, duke ohiaren urtebetetzean ikusi zuen. "Gonbidatu egin ninduten", azaldu du.

Noos Institutuaren zuzendaritza nortzuk osatzen zuten galdetuta, honakoak aipatu ditu Tejeirok: Urdangarin, Torres, Cristina infanta, Carlos Garcia Revenga infanten idazkaria eta Miguel Tejeiro idazkaria.

"Euren gastuak Aizoonen txartelarekin ordaintzen zituzten"

Tejeirok azaldu duenez, Urdangarinek eta Cristina infantak Aizoonen txartelarekin ordaindu zituzten euren gastuak eta, zenbaitetan, bizkartzainenak.

Aizoon aholkularitza lanak egiteko eta higiezinak erosteko eta alokatzeko sortu zuten Urdangarinek eta erregearen arrebak, sozietatearen helburu sozialaren arabera.

"Enpresaren VISA txartelarekin ordaintzen baduzu, enpresa gastuak diren seinale", adierazi du Tejeirok. Urdangarinek eta infantak pasatutako gastuak zalantzan jartzen ez bazituen ere, bizkartzainen batzuk atzera bota zituela argitu du kontulari ohiak: "Batzuek ez zuten ez hanka ez bururik, arropa eta ile-apaindegi gastuak ziren eta", erantsi du

Tejeiroren esanetan, Urdangarinek eta infantak Aizoonen behargin kontratua egin zieten Pedralbesko etxea garbitzeko kontratatutako langileei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Cristina infanta Politika albisteak Epaiketak bideoak Ustezko ustelkeria politikoa albisteak Albisteak