Politika -

Punica operazioa

Guardia Zibilak Madrilgo PPren egoitza miatu du

Beltran Gutierrez Madrilgo PPko gerente ohiaren bulegoa, etxea, OHL konpainiaren egoitza eta Javier Lopez Madrid OHLko enpresaburuaren etxebizitza miatu dituzte.

PPren egoitza Genova kalean. Argazkia: EFE
PPren egoitza Genova kalean. Argazkia: EFE
PPren egoitza Genova kalean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibila PPren egoitza nagusian sartu da ostegun honetan, Madrilgo Genova kalean, Beltran Gutierrez Madrilgo PPko gerente ohiaren bulegoa miatzeko.

Gutierrez bera ere bertan izan dute, eta agenteek horren ordenagailua atzeman dute.

Miaketek 'Punica' operazioarekin lotura dute, hau da, Francisco Granados Madrilgo PPko idazkari nagusi ohia buru zuen ustezko sare ustelaren ikerketarekin.

Madrilgo PPren egoitza alderdiaren egoitza nagusiaren eraikin berean dago.

Guardia Zibilak beste hainbat eraikin miatu ditu gaur. Besteak beste, Beltran Gutierrezen etxea, OHL konpainiaren egoitza eta Javier Lopez Madrid OHLko enpresaburuaren etxebizitza.

Operazioa Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu du.

Miaketak aurreratu behar izan dituzte

Azken egunetan komunikabide batek ikerketaren zati horren berri eman ondoren, epaileak miaketak aurreratu behar izan ditu, ikerketako iturriek azaldu dutenez.

Konkretuki, UCO Francisco Granadosen agenda batean jasotako apunte batzuen egiazkotasuna ikertzen ari zela argitaratu zuen El Español egunkariak iragan astelehenean. Madrilgo PPren ustezko legez kanpoko komisioak agerian geratzen ziren bertan. Javier Lopez Madridek diru asko ordaindu duela bistan geratuko litzateke agirietan.

Komunikabidearen hitzetan, Granadosen idazkiak ordainketa-sorta baten berri ematen du ‘JLM’ letrekin lotuta. Poliziak hasieratik letrak Javier Lopez Madridekin erlazionatu ditu. David Marjaliza enpresaburuak, Madrilgo presidenteorde ohiaren izen-mailegatzaileak, baieztatu zuen eta poliziei agendaren berri eman zien.

Informazioaren arabera, ‘JLM’ letrekin zeuden oharrak Granadosek hartutako diruari zegozkion, eta ‘B.G’ Beltran Gutierrezi. Ignacio Palacios ere aipatzen zen oharretan. UCOk Palacios Granadosen ‘kobratzailea’ zela uste du.

Ikerketa Granadosi atzemandako oharretatik abiatu da. Kontratuetan “puztutako” diruaren zati bat Madrilgo PPko idazkari nagusi ohiaren eta alderdiaren artean banatzen zutela uste zuela esan zion epaileak Granadosi haren deklarazioan.

Esperanza Aguirre Madrilgo PPko presidenteak ukatu egin du alderdian legez kanpoko finantziaziorik dagoela. “Nik dakidala, Madrilgo PP ez da legez kanpo finantzatu", berretsi du. Madrilgo Asanbladaren ikerketa batzordean agerraldia egin beharko dute gaur Aguirrek berak, Alejandro De Pedro enpresaburuak eta Engracia Hidalgo Ekonomia kontseilariak.

Aguirre agerraldia egiten azkena izango da, 13:30ean.

PP epailearen aurrean, Barcenasen disko gogorrak ezabatzeagatik

Bestalde, PPk agerraldia egingo du gaur Madrilgo Argibideetako 32. Epaitegiaren aurrean. Luis Barcenas alderdiko altxorzain ohiaren ordenagailuetako disko gogorrak ustez ezabatu zituzten PPren egoitza nazionalean, Genova kalean, eta auzitegia ikerketa zuzentzen ari da.

Alderdiak aukeratutako ordezkari bat Castilla plazako epaitegietara joango da 11:00etan. Rosa Maria Freire magistratuaren aurrean deklaratuko du ustezko kalte informatikoak eta estalketa delituak egotzita.

PP deklaratzera deitzen duten eta aldi berean ikertzen ari diren (inputaturik) lehen alderdia da; izan ere, 2013an Zigor Kodearen erreforma egin ondoren bakarrik da posible hori.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak Alderdi Popularra Espainia albisteak Ustezko ustelkeria politikoa albisteak Albisteak