Politika -
Negoziaketak
Sanchezek aldaketako gobernu baterako 'oinarriak' ikusten ditu
Sozialisten buruak azpimarratu duenez, aste honetan hainbat alderdirekin izan dituen elkarrizketak "positiboak" izan dira.
Agentziak | Erredakzioa
PSOE alderdiko idazkari nagusi Pedro Sanchez sinetsita agertu da gaur gobernua osatzeko "oinarriak" daudela, nahiz eta "zaila" izan, eta, horrela, "aldaketarako hitzarmen progresista" eraiki ahal izateko aukera dagoela.
Sanchezek Kongresuan eman duen prentsaurrekoan jakinarazi du ondorio hori, EAJko presidente Andoni Ortuzarrekin eta alderdi horrek Espainiako Legebiltzarrean duen bozeramaile Aitor Estebanekin izan duen bileraren ostean, gobernu-akordio bat lortzera bideratutako elkarrizketa sorten barruan.
"Uste dut oinarriak daudela, zailtasun guzti honen barruan, aldaketarako hitzarmen progresista bat eraiki dadin; hain zuzen ere, espainiarrek itxaroten dutena", azaldu du.
Sozialisten buruak azpimarratu duenez, aste honetan hainbat alderdirekin izan dituen elkarrizketak "positiboak" izan dira; hala ere, onartu egin du "oso korapilatsua eta zaila" dela, "alde askorekin adostu behar delako eta alderdi desberdinekin espazio komunak aurkitu behar direlako".
Sanchezek berriro nabarmendu du elkarrizketak "plurala" izan behar duela, eta ez dela betorik onartu behar.
EAJrekin izandako bilerari buruz, Sanchezek eskertu egin du Ortuzarrek eta Estebanek agertu duten "aldarte adeitsua eta zintzotasuna", onartu egin baitute negoziaketa plurala izatea eta betorik ez egotea.
Sanchezek baieztatu egin du datorren astean beste bilera bat izango duela EAJrekin, baina kasu horretan lan-batzordeen bidez. Batzar horretan sozialistek EAJri astelehenean bidaliko dioten agiriari buruz hitz egingo dute.