Politika -
Inbestidurari begira
Rodolfo Ares, Sanchezen talde negoziatzaileko kide
Antonio Hernando bozeramailea eta Jordi Sevilla ministro ohia ere gainerako alderdiekin negoziatzeko ardura izango duen taldean izango dira.
Agentziak | Erredakzioa
Atzo iragarri zuen bezala, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia hasi da inbestidura saioari begira alderdiekin egin beharreko elkarrizketak prestatzen. Gaur negoziazio taldea nortzuk osatuko duen aurkeztu dio alderdiaren zuzendaritzari.
Taldea sei lagunek osatuko dute. Antonio Hernando alderdiko bozeramailea izango da taldearen buru. Beste bost kideen artean, bizkaitar bat dago: Rodolfo Ares. Patxi Lopezen gobernuan Barne sailburu izan zen, eta urte luzetan PSEk Eusko Legebiltzarrean zuen taldearen bozeramaile. PSOEren iturriek nabarmendu dutenez, eskarmentua du gobernu eta legegintzaldi negoziazioetan.
Jose Enrique Serrano Felipe Gonzalez eta Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuetan kabineteko burua izandakoa ere badago taldean. Meritxel Batet katalana eta PSOEren hauteskunde programaren koordinatzaileak; Maria Luisa Carcedo hauteskunde programaren arlo sozialeko arduradunak eta Jordi Sevilla ministro ohiak osatzen dute taldea.
Gaur bertan ekingo diete negoziazioei, alderdiaren zuzendaritzaren eta PSOEko Kontseilu Politiko Federalaren babesa dutela.