Politika -
Erregeak deituta
Gobernua osatzen saiatuko da Sanchez, Rajoyk atzera eginez gero
Erregearen eta Sanchezen arteko bilerak ordu bat eta laurden iraun du. Sozialisten idazkaria "aurrerapauso" bat emateko prest agertu da.
Agentziak | Erredakzioa
Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusiak "gobernua osatzeko prest" dagoela jakinarazi dio Felipe VI.a Espainiako erregeari, beti ere Mariano Rajoyk gaur arratsaldean bere "betebeharrari", gobernua osatzeko ahaleginari, uko egiten badio.
Ordu eta laurdenez erregearekin bildu ostean Sanchezek azaldu duenez, "aurrerapausoa" emango du, "erregeak begi onez jotzen badu".
Buruzagi sozialistak argitu du erregeari ez diola inbestiduran jaso dezakeen babesen inguruko informaziorik eman, oraindik ez delako alderdi politikoekin negoziatzen hasi ere egin.
Pedro Sanchezek berretsi du PSOEk "goitik behera" errespetatu dituela epeak eta prozedura eta, beraz, gaur arratsaldera arte itxarongo duela, Mariano Rajoyk bilera-sorta itxi eta erabakia hartu arte.
PSOE alderdi guztiekin hitz egiteko prest dagoela azpimarratu du, akordioa lortzea helburu, aldaketak "sakonekoa" izan behar duelakoan, ez pertsonena soilik.
"Espainiarrok PPren gehiengo osoarekin pairatuko dugun fronteari ezin diogu beste fronte batekin erantzun", adierazi du, gobernu "aurrerakoi eta erreformista" baten alde egin aurretik.
Betorik gabe
PSOEren idazkari nagusiak "betoak" alde batera uzteko eskatu die Podemosi eta Ciudadanosi, eta zentra daitezela "elkarrekin" egin dezaketenean gobernu akordioa lortze aldera.
Sanchezek mezu hori helarazi die Pablo Iglesias eta Albert Rivera buru dituzten alderdiei, horiek atzo bata edo bestea aukeratzeko eskatu ostean.
"Garrantzitsuena da dugun arduraren eta erronkaren mailan egotea. Utz ditzagun betoak eta hitz egin dezagun elkarrekin egin dezakegunaz", adierazi du Sanchezek Kongresuan emandako prentsaurrekoan.
Buruzagi sozialistak Iglesiasen "harrokeria eta itsuskeriak" salatu ditu, eta "errespetua" eskatu dio, espainiarrek nahi dutena "abenduaren 20ak utzitako erronkei errespetuz erantzutea" delakoan.
"Batzuetan ahal izateko nahi izan behar da eta, ondorioz, iritsiko da unea Podemosek benetan nahi duen jakitekoa", ohartarazi du.
Bestalde, Sanchezek berretsi du ez duela alderdi independentisten "babesa bilatuko" inbestidurarako.
Indartsu alderdi barruan
Sanchezek esan du bere karguak eskumena ematen diola beste alderdiekin lotzen duen gobernu akordioa militanteei kontsultatzeko, eta esan du "indartsu" dagoela alderdi barruan inbestidura eztabaidari aurre egiteko.
PSOEren buruak baieztatu du kontsultatuko lukeena "balizko akordioa" izango litzatekeela.
Sanchezek gogorarazi du idazkari nagusi izendatu aurretik ere PSOEk "militantziari kontsulta gehiago" egin beharko lizkiokeela aldarrikatu izan duela.
"Niri Batzorde Federalak ez dit ezer galarazten. Nire ideiek galarazten didate, eta behin eta berriz esan du ez naizela presidente izango edozein prezioren truke", berretsi du buruzagi sozialistak, "Espainiaren lurraldearen osotasuna errespetatzeko borondatea duten alderdiei eskua eskaini" aurretik.