Politika -

Inbestidura

Riverak, Podemosi buruz: 'Ez gara gobernu akordio berberean egongo'

Nolanahi ere, unean uneko akordioak egiteko prest agertu da Ciudadanoseko burua.

Rivera eta erregea, Zarzuela jauregian. Argazkia: @CasaReal
Rivera: 'Ez dugu Podemosekin gobernatuko, baina ez gara bateraezinak'

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak Gobernuaren osaketa negoziatzen hasteko deia egin die Mariano Rajoy eta Pedro Sanchez PPko eta PSOEko buruei, inbestidurari heldu ahal izateko.

Rivera Felipe VI.a Espainiako erregearekin bildu da gaur, Presidentziarako hautagai bat proposatzeko estatuburuak abiatutako bigarren bilera-sortaren baitan.

Batzar horretan, Ciudadanosen 40 diputatuak "negoziatzeko prest" daudela jakinarazi dio Riverak Felipe VI.ari.

Horren esanetan, Ciudadanos eta PSOE bat datoz Konstituzioa erreformatzeko beharran eta Espainiaren batasunari heltzeko nahian. Hori bai, Podemosekin ez direla bateragarriak ohartarazi du.

Horregatik, Ciudadanos eta Podemos ezin direla "gobernu akordio berdinean" egon nabarmendu du, bi alderdiek unean uneko akordio batzuk lor dezaketen arren.

Azkenik, Riverak adierazi du Rajoyk ezin duela "gidatu" ustelkeriaren aurkako borroka, ez baita "gai" izan "etxea" (PP) garbitzeko.

En Comu-Podem

Riverarekin bildu baino lehen, erregeak Xavier Domenech En Comu Podem alderdiko diputatua hartu du. Batzarraren ondotik nabarmendu duenez, PSOEk eta Ciudadanosek osatutako gobernua "ez litzateke aukera onargarria izango" eurentzat. Dena dela, "gauzak aurreratzea" dela uste du.

Felipe VI.ak Pablo Iglesias Podemoseko burua ere hartuko du gaur arratsaldean.

Bigarren bilera-sorta bihar amaituko du erregeak, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia eta Mariano Rajoy Espainiako jarduneko presidente eta PPko buruzagia hartuta.

Hain justu, Alderdi Popularrak aurreratu duenez, Rajok uko egingo dio inbestidura-saioan hautagaitza aurkezteari, aurrera ateratzeko babes nahikoa ez badu behintzat. PSOEren iturrien arabera, berriz, erregeak proposatzen badio, Sanchezek erantzukizunez jokatuko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Espainiako Felipe VI.a bideoak Espainiako Gobernua bideoak Espainia albisteak Unidas Podemoseko buru ohia Ciudadanosi buruzko albisteak Podemos berriak Albert Rivera berriak