Politika -
Salamancan
Garzon: "Nire egoera Justiziarenak ez diren interesen ondorio da"
"Egokitzen" denean "errugabe" dela frogatzen saiatuko dela esan du Auzitegi Nazionaleko epaileak.
Erredakzioa
Bizi duen egoera "bidegabea" dela adierazi du gaur Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak Salamancan, eta "Justiziarenak ez diren interesen ondorio" dela erantsi du.
Horrela azaldu du komunikabideen aurrean, Salamancako Unibertsitateko Zigor Zuzenbideko XXII. Kongresuko mahainguruan hitza hartu baino lehen.
Auzitegi Gorenak hiru auzi ditu zabalik magistratuaren kontra: Frankismoko eta Gerra Zibileko desagerpenak ikertzeko eskumena bere gain hartzeagatik bat, Santander bankutik New Yorkeko Unibertsitatean egonaldia egiteko dirua jasotzeagatik beste bat, eta Gurtell auziko inputatuei entzuteak egiteagatik.
"Justizia Administrazioaren aurrean herritar guztiek dituzten bermeak" izan behar dituela uste du Garzonek, bera ere "herritar arrunta delako". Era berean, "egokitzen" denean "errugabe" dela frogatzen saiatuko dela esan du.
Eguneroko lanean jazarri dutenik ukatu du epaileak, baina "Justiziarenak ez diren interesak" daudela salatu du.