Politika -
NOOS AUZIA
Justiziarekiko 'errespetua' adierazi du Errege Etxeak
Palmako Lurralde Auzitegiak gaur kaleratutako erabakiaren aurrean, Zarzuelako bozeramaile batek esan du 'botere judizialarekiko errespetu osoa' berresten duela Espainiako Errege Etxeak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Cristina infantak Noos auziko auzipetuen aulkian eserita jarraitu beharko duela jakinarazi du gaur Palmako Lurralde Auzitegiak. Erabaki horren aurrean, justiziaren independentziarekiko "errespetu osoa" adierazi du Espainiako Errege Etxeak.
Bestalde, Felipe VI. erregeak Espainiako Presidentetzarako hautagaia izendatzeko asteon abiatutako bigarren bilera-errondarekin jarraituko du gaur. En Marea alderdiko Alexandra Fernandez hartuko du erregeak Zarzuelan.
Palmako Lurralde Auzitegiak hala erabakita, Cristina infanta akusatuen aulkian eseriko da Noos auzia argitzeko epaiketan, eta epaitu egingo dute, bi delitu fiskaletan ezinbesteko laguntzaile izan zelakoan. Estatuko Fiskaltzak, Abokatutzak eta horren defentsak eskatutakoaren aurka, Botin doktrina ez aplikatzea erabaki du.
Halaber, herri-akusazio gisa aritzeko legitimazioa eman dio Auzitegiak Manos Limpiasi gaur igorritako auto batean, infantaren defentsak emandako argudioak atzera botata.