Politika -
Itunak
Rajoy ez da inbestidura saiora aurkeztuko, babesa bermatuta izan arte
Mariano Rajoyk azpimarratu du presidente izateko hautagaitzari eusten diola, baina onartu du oraingoz ez duela babesik. Podemosek PSOEri egindako proposamenak ere eragina izan duela aitortu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mariano Rajoy ez da Espainiako Gobernuko presidente izateko inbestidura saiora aurkeztuko, "oraingoz". Felipe VI.enarekin arratsalde honetan egindako bileran, Espainiako erregeak inbestidura saioa aurkezteko proposamena luzatu dio, baina Alderdi Popularreko buruzagiak uko egin dio, babesa bermatuta ez daukalako.
"Espainiako Gobernuko presidente izateko hautagaitzari eusten diot, baina, une honetan, ez daukat aldeko boto nahikorik bermatuta eta, beraz, ez du zentzurik inbestidura saiora aurkeztea", azaldu du Moncloa Jauregian egindako agerraldian.
Areago, Rajoyk aitortu egun Parlamentuaren “gehiengo absolutua kontra” daukala, baina babesak lortzen saiatuko dela agindu du, Alderdi Popularraren Gobernua “espainiarrentzat aukerarik onena” delakoan.
Gauzak horrela, Diputatuen Kongresuko inbestidura saiora aurkezteak oraingoz zentzurik ez daukala esan du.
“Ez da zentzuzkoa egoera honetan ni hara joatea, Espainiako Konstituzioak ezarritako bi hilabeteko epea abiarazteko soilik balioko badu”, azaldu du.
Horrez gain, Rajoyk onartu du bere erabakian eragina izan duela gaur Pablo Iglesias Podemoseko buruzagiak Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiari Gobernua osatzeko egin dion proposamenak.
“Proposamen horrek nire hautagaitzak baino boto gehiago izango lituzke, eta, batez ere, nireak baino kontrako boto gutxiago”, erantsi du.
PP-PSOE-Ciudadanos koalizioa
Mariano Rajoyk Pedro Sanchezen aurka egin du, berarekin hitz egiteko prest ez dagoelako. “Nahiago du Podemos Operazioan egon”, deitoratu du. Nolanahi ere, PSOEko buruzagiaren harremanak hasteko prestasuna berretsi du.
Rajoyk adierazi du elkarrizketarako “proposamen argiak” egin dituela eta, ondorioz, “harrituta” agertu da behin eta berriro interpelatzen dutelako.
Ildo horretan, gogora ekarri du Alderdi Popularrak, PSOEk eta Ciudadanosek osatutako Gobernu koalizioa egitearen aldeko proposamena luzatu zuela, “Espainiaren batasuna, Espainiaren subiranotasuna, espainiarren arteko berdintasuna, Europako eredua, terrorismoaren kontrako borroka eta erronka ekonomikoak oinarritzat hartuta”.
Hortik aurrera programak eztabaidatzeko daudela eta adostasunetara heltzeko gauza batzuk alboratu egin daitezkeela nabarmendu du.
Dena den, Rajoyk azpimarratu du bera izango da Espainiako Gobernuko presidente izateko Alderdi Popularraren hautagaia. “Espainiarren gehiengoak PP bozkatu zuen, presidentegaia ni izanda”.
Bestalde, Espainiako Gobernuko presidente izaten saiatzeari uko eginda, Felipe VI.enak beste bilera-sorta bat egin beharko du, baina hauteskundeak deitzeko eperik ez da abiarazi.