Politika -
Telefonoz egindako txantxa
Agenda 'oso libre' duela aitortu dio Rajoyk Puigdemont faltsu bati
Kataluniako presidentearen imitatzaile batek Mariano Rajoyrekin hitz egitea lortu du.
agentziak | erredakzioa
Carles Puigdemont Kataluniako presidentearen imitatzaile batek Mariano Rajoy Espainiako Gobernuaren jarduneko presidentearekin hitz egitea lortu du, eta txantxa bat zela jakin aurretik, Rajoyk hitzeman dio bilera baterako hitzordua jarriko zuela 24-48 orduren buruan.
"Erregea kontsultekin dagoenez aste honetan, gai hori nola geratzen den ez dakit, eta horren arabera, astelehenean deituko dizut, eta inbestidura dagoen ala ez ikusita, agenda oso libre dut eta 24-48 orduren buruan hitzordua jar genezake", adierazi dio Rajoyk Kataluniako presidentearen imitatzaileari.
Une horretan, imitatzaileak aitortu du guztia txantxa zela, eta Rajoyk gogo txarrez erantzun du: "Hau ez da serioa, egin ezazue nahi duzuena, baina hau ez da serioa". Presidenteak programaren izenaz galdetu du, eta Radio Flaixbac-en El mati i la mare que el va parir saioa izan da egilea.
Irratiko saioan entzun daiteke nola deitzen duen Espainiako Gobernuko Presidentziara, eta hor idazkariak nola esaten dion Rajoy bilduta zegoela eta deitzeko 10 minutura. Irratiko esatariak 15 minutura berriro deituko zuela erantzun dio.
Gezurrezko Puigdemontek berriro deitu du eta Rajoyk agurtu egin du "president, zer moduz zure bizitza?" galdetuta. Puigdemonten imitatzaileak erantzun dio "gustura" dagoela berekin hitz egiteagatik, eta Rajoyk "berdin" esan dio, eta gogorarazi dio Gironan ezagutu zutela elkar, Gironako AVEren inaugurazio ekitaldian, Puigdemont bertako alkate zenean.
"Bazen hitz egiteko garaia", adierazi dio imitatzaileak eta, Rajoyren baieztapenaren ostean, eta gaineratu du eguna bilatu behar dutela "gai honetan hizlari berria dagoela, ondo hasteko". "Oso ondo", erantzun dio Rajoyk. "Badakigu zer esan behar diogun elkarri, baina ofizialki egiteagatik", jarraitu du gezurrezko presidenteak, eta Rajoyk "egiteagatik" aitortu dio.
Une horretan adierazi dio jarduneko presidenteak datorren astelehenean deituko diola bilerarako data jartzeko. Orduan, irrati saioko aurkezleak esan dio txantxa bat zela eta ez zuela espero “horrela aterako zela”. “Agian zu bezain harrituta gaude”, adierazi dio aurkezleak Rajoyri, eta garbi jokatzea eskertu eta hitz egin dezatela eskatu dio. Rajoy “ados, eskerrik asko” esanez agurtu da.